Lakuntzako Lagun Arteak ekipazio berria mustu du aurten. Jantzia nolakoa izanen zen erabakitzeko lehiaketa deitu zuen klubak, eta Lagun Arteako futbol koordinatzaile Asier Alegriak azaldu duenez, 5 proposamen jaso zituzten. “Bost proposamenak aztertuta, Igor Romero Azpirozek egindakoa iruditu zitzaigun egokiena eta horretan oinarritu gara”.
Talde nagusiak ekipazio berria mustu du, eta jubenilek eta kategoria txikikoek ere aurki mustuko dituzte. Alegriak gaineratu duenez, edonork erosi ahal izango du Lagun Artearen ekipazioa. Bestalde, Lagun Artea talde nagusiak igandean Zelai Berrin jokatutako partidan aitortza egin zitzaion Igor Romerori. Xabi Bakaikoa kapitainak kamiseta eta oparia eman zion, eta gazteak talde argazkia egin zuen Lagun Artea talde nagusiarekin.