Eman eta zabal ezazu

Guaixe 2021ko urr. 7a, 14:02
Lakuntzeko auskias taldeko kideak.

Herriko euskalkia eta euskara bera Lakuntzan. Euskalkia gero eta gutxiago entzuten dela eta kezka zabaldu zen hainbat lakuntzarren artean. Kezka bera zutenak bat egin eta euskalkia zabaltzeko lanean jarri dira udan. Dagoeneko herriari zabaldutako bi topaketa egin dituzte.

Munduan fruitua emateko eta zabaltzeko. Horixe kantatu zuen Joxe Mari Iparragarrek Gernikako Arbola abestian. Munduan bai, baina lehenik Lakuntzan euskalkia herrian eman eta zabaltzeko lanean hasi ziren udan. Lakuntzeko auskias taldean biltzen direnak dira horretan hasi direnak. Han batu diren guztiak “Lakuntzako euskara galtzen” ari denaren kezka dute. Eta kezka, aldi berean, hainbat lakuntzarren artean sortu zen. Alde batetik, Adur, Ainara eta Jose Ramon elkartu ziren, Lakuntzako euskararekin zerbait egin behar zela pentsatuta. Bestetik, Lakuntzar gazte talde batek ere kezka bera zuen bueltaka. Eta Lakuntzako Gazte Asanbladaren baitan ere euskalkiaren egoerak sortu zuen egonezina. 

Elkarren berri izan eta elkartzea erabaki zuten. Esan dutenez, “indarrak batu ditugu. Aritu beharrean hemendik pixka bat, hortik beste talde bat… Plana pixka bat antolatu dugu”. Eta talde berriari bi helburu jarri dizkiote: “euskalkia berreskuratzeko lana eta euskara gehiago erabiltzea; berdin du euskalkia edo batua, baina euskara”. Bakoitzak dakien euskara erabiltzea bultzatu behar ote den galdetuta, argi dute: “batak bestea dakar. Aitzakia bat da euskaldunak batzeko, biltzeko eta euskaraz aritzeko. Euskalkian ez dakienak batuan eginen du, baina euskaraz”. 

Lakuntzeko auskias taldearen lanak ere beste ertz bat ere baduela jakinarazi digute: “hemengo bertako gauzak jaso nahi ditugu: hizkuntza, kultura, ohiturak… Halako datuak jaso eta bilketa lan hori egin”. 

Antolaketa
Taldekideak garagarrilaren akabera aldera hasi ziren elkartzen. Hasieran hamabostean behin ziren bilerak, baina astero izatera pasa dira. Tximonena tabernako  terrazan egin dituzte bilerak, ostiraletan, 18:30 aldera. Jakina, euskalkiari bultzada eman nahi dion edozein lakuntzarrek ateak zabalik ditu. Taldekideek euskalkia biziberritzeko zer egin daitekeen aztertzen dute bilera horietan eta “pittekan gauzak egiten joan gara”. Gainera, euskalkian aritzeko aukera ere baliatzen dute. 

Hala, agorrilaren 25ean, ekitaldia egin zuten. Data ez zuten nolanahi aukeratu. Lakuntzako festak ospatu balira, asteazken hura Euskararen Eguna litzateke. “Lakuntzako hizkera jendeari erakutsi nahi genion. Ez zekitenei erakutsi nahi genien”, azaldu dute taldekideek. Horretarako, “elkartu genituen jende heldua, euskalkia dakiena, ez dakitenekin”. 

Topaketak
Guztira 110 herritar elkartu ziren plazako estalpe azpian, kasik hamar lakuntzarretik bat han zegoen. Guztiak talde txikitan banatu zituzten eta gai batzuk eman zizkieten haien inguruan hizketatzeko. “Batzuk euskalkian aritzen ziren bitartean, besteak aditu eta ikasten ari ziren”. Mintzapraktika saioa izan zen hura. 

Parte hartzaileak emaitzarekin “oso pozik” gelditu ziren. Taldekideek diotenez, “jende larria eskertua sentitu zen, joan ginelako beraiei eskatzera etortzeko guri erakustera. Dagoeneko urte hauekin eta, jo…”. COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak sortutako egoera ere sartu dute lehen saio haren balantze positiboan: “egoeragatik-edo, jende asko ez genuen ikusten, hoberenean duela urte bat. Jendea berriro ikustea-eta, oso gustura”. Taldekideak ase zituen beste kontu bat: “hainbat belaunaldi elkarrekin ikustea…”

Halako topaketen antolaketa “herria elkartzeko aitzakia bat izan da. Urte bat jendea ikusi gabe egon ondoren, aitzakia izan da hainbat adinetako jendea elkartu eta hitz egiteko. Apika, sekula hitz egin ez duzun norbaitekin hitz egin. Eta hori oso polita izan da ere. Herri nortasuna ere horrela egiten da. Gauden egoeran herri nortasun hori indartzea oso garrantzitsua da”.

Eta etorri zen bigarren saioa. Ostiralean izan zen. Kultur etxera deitu zituzten lakuntzarrak eta han dermioei buruzko saioa izan zuten. Atzera ere, taldekideek hots egin zuten jendea eta 70 bat pertsona elkartu ziren. Lakuntzako dermioen izenak aitzakia hartuta bildu ziren. Toponimiaz dakiten lakuntzar batzuk hitz egin zuten. “Horren aitzakiarekin gazteok ikasiko dugu historia, dermioak… denetarik helduengandik”, esan du taldeko gazteetako batek. Izan ere, hurrengo hitzorduetan “herriko historia, kultura, ohiturak… horiek denak landuko ditugu. Helduek badakite”. 

Taldekideek jakinarazi dutenez, “jendea gogoekin dago, hurrengoa noiz den jakin nahian”. Hurrengo hitzorduak badu data, lastailaren 22an izanen da. Aurreneko aldian bezala, euskalkia dakitenak eta ez dakitenak elkartuko dituzte talde txikitan eta proposatuko zaizkien gaien inguruan hizketatuko dira.  

Ikasteaz
Azaldu digutenez, sortzen diren mintzapraktika multzo horietan “bi talde daude: ama hizkuntza euskalkia dutenak eta erabiltzen dutenak, eta euskalkia pixka bat edo ezer ez dakigunak. Hor dago lana: lehenengo euskaldun zahar horiek lotu, gero besteak eta hainbat talde egin. Eta denek parte hartzera”. 

Euskalkia ikasteko prozesu naturalari eman diote garrantzia: “azkenean, historian beti izan da: jendeak hitz egitea eta aritzea. Horrela pasatzen da hizkuntza belaunaldiz belaunaldi. Idatziz ez da egin. Orduan, bakarrik hitz egitea. Horretarako egiten dugu mintzapraktika. Belarria egiteko lehenbiziko, eta, ondoren, guk besteei hitz egiteko”.

Euskalkia 
Herriko hizkeraren errealitatea zein den ere argitu dute taldekideek: “Lakuntzako euskaran jende helduak egiten du. Lakuntzakoak betikoak. Beraien artean aritzen dira. Baina 60 urtetik behera, batua. Badaude familia batzuk Lakuntzako euskaran hitz egiten dutenak. Baina gehienak, dagoeneko, batua”.

Euskalkiaren transmisioaren eten horren zergati batzuk ere eman dituzte: “batetik, etxean ez da transmititu. Edo ez duzu ikasteko aukerarik izan. Gurasoetako bat beste herri batekoa izanda, beste euskalki bat hitz egiten zen etxean eta nahasketak sortzen dira. Eta kanpoan egiten ez denez, gaur egun ez duzu ikasteko eredurik. Etxean ez bada”. 

Gazte batzuek euskalkia etxean jaso dute, baina, orokorrean, gazte lakuntzarrek euskara batuan hitz egiten dutela azaldu dute. Taldeko gazteetako batek azaldu duenez, “niri beraiekin (taldeko gazteekin) Lakuntzako euskaraz hitz egitea ateratzen zait. Eta kanpoan geroan eta gehiago Lakuntzako euskaraz, baina, beno, ahal duguna”.  


Euskararen erabileraren kontura Euskal Herrian gertatzen direnak Lakuntzan ere errepikatzen dira: “azkenean, toki askotan bezala, ohitura. Nahiz eta askok euskaraz jakin, batek ez baldin badaki euskaraz, denak erdaraz. Berarekin gaztelaniaz hitz egitera ohitzen zara. Azkenean, geroz eta gehiago dena erdaraz”. 

Taldean badute filologoa: “handik eta hemendik euskalkiari buruzko informazioa biltzen ari gara eta zer ezaugarri dituen ikusten. Nik ez dakit Lakuntzako euskara. Horretarako nago hemen, ikasteko”. Lakuntzakoa nolako euskalkia den galdetuta, azaldu dutenez, “Arbizuko eta Etxarrikoekin oso antzekoa. Etxarrin hitzen bukaera e-z da, Arbizun a-z, eta guk ere e-z egiten dugu. Baina ez dira berdinak. Etxarrin etxie esaten da eta guk, berriz, itxe. Ez da berdin-berdina”. Bestetik, jakinarazi dutenez, euskalkian ari direnen ahots batzuk jasoak ditu Lakuntzako Udalak Labrit ekoiztetxearen bidez. 

Lakuntzan euskarak zein osasun duen galdetuta, taldekideek azaldu dutenez, herria “beti izan da euskalduna, eta orain ere. Kanpotar asko etorri ziren. Baina Lakuntza euskalduna da. Jakin, lakuntzar askok dakite euskara. Jakin bai, baina erabilera beste kontu bat da”. Eta erabiltzen den euskara batua dela azaldu dute aho batez. 

Luzerako ikuspegia
Lakuntzako euskalkiaren alde aritzen diren taldeko kideek argi dute beraiena ez dela egun bateko kontua: “segitzeko asmoa dugu. Izan dadila luzerako, eta jendeak ikas dezala. Ikusiko dugu hemendik bizpahiru urtera nola gauden. Printzipioz, lanerako gogoekin gaude. Kristoren taldea gaude. Eta orain pixke-pixkekan hasten garen lana egiten eta jendea ere animatzen den”. 

Ez da beraz hilabete gutxitako lorea izanen taldearen jarduna. Eta, antza, ez diete utziko: “dendan galdetu didate noiz egin behar ote dugun hurrengoa” azaldu du taldekideetako batek. 

Lakuntzarrak “gogotsu” sumatzen dituzte euskalkiaren aldeko dinamikarekin. “Hori da lehenengoa, ilusioa, aurrera egiteko ilusioa. Jendea gogotsu egoteak ematen dizu indarra aurrera segitzeko. Gero ikusiko dugu”. Orain arte arlo horretan ezer gutxi egin dela kontziente dira. Eta errepikatu dute: “hau luzerako da”. Haien asmoa da “geldi geldi joatea, jendea ez aspertzeko. Topaketak egin jendea gustura sentitzeko, gustura joateko. Beta dago, prisarik ez dugu”.

Beraien lana baloratzeko “goiz” dela esan dute taldekideek, “guaixe eman da zabaltzera”. Baino jasotako erantzunarekin “aurrera egiteko ilusioz” daude. 

Euskalkiko hitzak 
Taldekideei Lakuntzako euskalkiko hitz bana eskatuta, honako zerrenda osatu da:
Aiaupenani
Ganbelue
Pirrinkeka
Ganboikue
Pexixe
Argisentiye
Gexkixe
Goantziyek