Oihane Andueza Imirizaldu

"Umeen berezko jakiturian asko sinisten dut"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2021ko urr. 6a, 13:45

Oihane Andueza Imirizaldu idazlea 'Aittune, iluntasunaren beldur naiz' liburuarekin. UTZITAKOA

'Aittune, iluntasunaren beldur naiz' liburua argitaratu du Oihane Andueza Imirizaldu lakuntzarrak.

Oihane Andueza lakuntzarra irakaslea da. Baina idazle ere bada. 2019 Darse cuento eta, ondoren, euskarazko bertsioa, Kontu handiz kaleratu zituen, eta atzo bere bigarren liburua aurkeztu zuen Lakuntzako Tximonena jatetxean: Aittune, iluntasunaren beldur naiz. Publikatze honetan egin duen Arte terapiako masterra oso nabaria dela sentitu du. Izenburuak dioen bezala, beldurri buruzko ipuin bat da. Haurrendako bideratuta dagoen arren, helduek ere irakur dezakete. Izan ere, edonork izan ditzake beldurrak.

'Kontu handiz' kaleratu zenuen. Zeinentzako liburua da?
Galdera hori ez dakit oso ongi erantzuten. Maketatzaileak esan zidan 0 eta 99 urte bitarteko ipuinak zirela. Jendearekin hitz egiten, bertsio ofiziala bezala, sei urtetatik gorakoendako zela esan nuen. Baina orain urtebeteko alaba daukat eta oso gustuko ditu marrazkiak. Orduan, non jartzen dugu adina? Irakurtzeko adina sei edo zazpi urtetik aurrera, baina disfrutatzeko adina ez nuke jakingo esaten.

Ipuinak ez direlako bakarrik letrak...
Idazten dudanean konturatzen naiz ere mezuak harremanei edo emozioei dagokienez, beti dutela zentzu edo mezu bat. Hainbat gurasok esan didate haurrei zuzentzen naizela, baina gurasoendako ere baliagarri egiten zaiela. Izan daiteke. Idazterakoan asko sinisten dut umeen jakiturian. Nahiz eta berbalki ez adierazi, beraiek dakitena baino askoz gehiago adierazten dute. Idazterakoan kontuan izaten dut hori.

Orain, 'Aittune, iluntasunaren beldur naiz' kaleratu duzu. Zertaz dihoa?
Honekin gauza bera geratzen zaigu. Gertatzen zaigu diot prozesuak amankomunean bizitzen ditudalako, eta nahi gabe pluralean hitz egitea ateratzen zait. Euskarazko testua zuzendu zidanak, Rafak, esan zidan umeendako ipuina dirudiela, baina agian ez hainbeste. Ume batek beldurraren inguruan aitonarekin hitz egiten du, eta aitonak bere jakituria medio, bide hori zeharkatzen laguntzen dio. Badago parte txiki bat niri pila bat gustatzen zaidana, eta Kontu hartuz-etik hartu dudana, eta da orrialde bat non umeek beraiek sentitu dutena edo ulertu dutena marrazteko aukera duten. Sinplea izan daitekela dirudi, baina uste dut hartzaile pasibo izatetik hartzaile aktiboagoa izateko aukera ematen duela. Hurbiltzeko edo bereago egiteko aukera ematen du. Berezitasun hori dauka.

Zenbat pertsonaia daude?
Neskatxoa eta aittune, baina gero ere badaude beldurraren munstroak. Ipuinean joan etorrian ibiltzen dira, haurraren barrualdean geratzen dira edo haurrak egiten duenaren arabera uxatzen ahal ditu. Bidai horretan ibiltzen da. Polita edo esanguratsua da beldurrak pertsonalizatzea. Ipuinaren eskertzetan pertsona bat aipatu du berak esan zidalako ongi fijatzen bazara beldurrak ukitzen ahal direla. Nik ez nuen ulertu, baina pentsatu nuen: "goazen ikustera zer gertatzen den beldurrei forma ematen badiegu".

Forma ematen bazaie, errazago uxatzen dira?
Hori zen asmoa pixka bat. Formakuntza beti esaten da barruan ditugun gauza horiek ezin dira ukitu, baina aldi berean eragina dute gugan. Ahal badugu behintzat nolabait, berdin du zein modutara, irudikatu, orduan ja ez dituzu hain barruan. Kanporatzeko modu bat da.

Eta zergatik aittune?
Esperientzia da. Beraiek duten esperientzia gazteek ez daukagu. Ibilbide berak irakaskuntza batzuk ekartzen ditu. Bi zentzu ditu. Lehenago esan bezala, nik asko sinisten dut umeen jakituria propioan, berezko jakituria horretan, orduan, sinbolikoki ere adierazi nahi nuen hori; umeen barne jakituria hori. Jakituria horri ereferentzia egiteko. Bi zentzu horiek ditu: literarioa eta abstraktua.

Nolakoa izan da ipuina idaztearen prozesua?
Ipuin honek badu oso zentzu autobiografikoa. Ume txiki bat daukat eta berarekin gauak esna pasa ditut edo lo etenak behin baino gehiagotan zituen. Hortik suertatu zait pixka bat gaia. Horrela idatzi dut. Goizeko bostetan esnatzen zen haurra, lokartzen zen eta ni esna gelditzen nintzen. Denbora tarte sufrimendu horietan gutxienez goazen sortzera, sormenari ematera, pentsatu nuen.

Zenbat denboran idatzi duzu?
Hasierako ideia pasa den azaroan sortu zitzaidan eta azken testua borobilduta otsaila edo martxoa aldera bidali nuen. Oso tarte handia utzita batetik bestera. Ideia bat idatzi, gero testua modu batetara, gero beste batera… Sei-zazpi hilabete. Azkenean, abuztuan argitaratu genuen.

Ilustrazioak zureak dira?
Nik pintzela hartzeko… lau zirriborro egiteko bai, baina argitaratzeko ez. Victoria Garcia Macieuk egin dizkit. Aurreko ipuinean Darse cuento horretan bederatzi ipuin zeuden eta bederatzi horietako bat ilustratu zuen. Mallorkako neska bat da eta aurretik ezagutzen nuen. Iker Uriberekin hitz egin nuen, bertakoa izateko eta hori guztia baina azkenean datek ez dute bat egin.

Lakuntzan aurkeztu duzu, gero zer?
Egiten, denbora behar dut. Ume txikia izanda orain Lakuntzan egin berri dudan aurkezpena oso erraza izan da antolatzea, bertan delako. Baina Durangoko Azokara joateko, esaterako, bertan geratu beharko nintzateke eta oraintxe ez dut posible ikusten. Autoedizioa da eta horrek esan nahi du nik mugitu eta zabaldu behar dudala. Baina, beste alde batetik, ez dut denbora asko, presarik gabe.