Futbola

Azken unean urrezko garaipena lortu zuen Lagun Arteak

Guaixe 2021ko urr. 25a, 12:00
Partida hasieran, urte luzez Lagun Arteako kolaboratzaile izandako Miguel Ansorenaren aldeko minutu bateko isilunea gorde zen Zelai Berrin.

Lehen Maila Autonomikoa. Bederatzigarren jardunaldia: Lagun Artea 2 – Erriberri 1

Denetatik izan zuen atzo Lakuntzan Lagun Arteak eta Erriberrik jokatutako partidak. Partida hasi baino lehen, minutu bateko isilunea gorde zen urte luzez Lagun Arteako kolaboratzaile izan zen Miguel Ansorenaren omenez. Partida hasi eta berehala, laugarren minutuan, Erriberri aurreratu zen; lakuntzarrak behin eta berriz saiatu ziren baina ezin izan zuten kontrako atea zulatu. Bigarren denboran arbitroa lesionatu egin zen –tarte batez etenda egon zen partida, beste arbitro batek bere tokia hartu arte–, eta azken minutuak zoratzeko modukoak izan ziren, 85. minutuan Yonatan Dávilak bana berdintzea lortu zuelako, eta azken minutuan Unai Zubiriak garaipenaren gola lortu zuelako. Azken unera arte, emozio handia bizi izan zen Zelai Berrin eta, zorionez, hiru puntuak Lakuntzan geratu ziren. 

Lerinés taldeak jarraitzen du Lehen Maila Autonomikoko lider (19 puntu) eta Lagun Artea bosgarren postura igo da (11 puntu). Datorren jardunaldian Lagun Arteak sailkapenean zazpigarren den Peña Azagresa hartuko du Zelai Berrin.