Astekaria

Abesbatza bereziaren kontzertu "eklektikoa"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko aza. 2a, 12:22

Cor Vivace abesbatza Lakuntzako kultur etxean. UTZITAKOA

Bartzelonako Cor Vivace abesbatzak kontzertua eskaini zuen igandean, Lakuntzako kultur etxean. Abesbatzan lakuntzar bat dago: Gaizka Andueza Arregi.

Ezaguna da Cor Vivace abesbatza Lakuntzan. Alde batetik, Bartzelonako Gracia auzoko koruan Gaizka Andueza Arregi lakuntzarra tenorea delako, eta, bestetik, 2016an Happy kontzertua eskaini zutelako. Bost urte beranduago, eta pandemia bat erdian, Cor Vivace abesbatza "berezia" Lakuntzara itzuli da. Abesbatzako kideak "gogotsu" zeuden kontzertu "polita" eskaini zutelako, eta bizitako esperientziaren ondoren abesbatzako kideak "itzuli nahi" zutelako. Aurten egiten duten hirugarren kontzertua izan da, eta emanaldi "eklektikoa" izan dela esan du Anduezak. 

Abesbatza berezia da Cor Vivace, koru klasikoetatik urruntzen dena. Abesti modernoak, gaur egungoak, interpretatzen ditu, eta musika instrumentuen laguntza izan ohi dute. Koreografiak ere egiten dituzte. Haien errepertorioak musikalez eta pop-rock estiloko abestiez osatutako dago; "XX. eta XXI. mendeko musika egiten dugu". Lakuntzan igandean eskainiko duten kontzertuan, besteak beste, Crepúsculo filmeko A thousand years, Schrek-eko I’m a believer, Sister Act filmeko Hail Holly Queen, Fame, Chicagoko And all that jazz, Mamma Miako Dacing Queen eta Thank you for the music, Queen taldearen Bohemian Rapsody eta gospel abesti bat eskainiko dute. "Eklektikoa".

Errepertorioa
Pandemiagatik Cor Vivaceren entseguak eten zituzten iazko martxoan, eta, urte bat ondoren, aurtengo apirilean jarri ziren berriz martxan bi taldetan banatuta. Momentuz, kontzertu bakarra eskaini dute aurten, Bartzelonan, eta bihar, urriak 30, Zigoitian egongo dira, Araban, eta igandean, urriak 31, Lakuntzan. Beraz, kontzertu berezia izan da Lakuntzakoa. Urtero errepertorio berria osatzen dute eta 2020an ikuskizun berrirako abestiak prestatzen hasi ziren. Film ospetsuen soinu banden kontzertua izanen zen.

Baina pandemiagatik bertan behera utzi behar izan zuten ikuskizun berria, eta egoera berrian ezin izan dituzte abesti berriak prestatu. Hortaz, abesbatzaren ibilbidean egindako errepertorioetatik zenbait abesti hartu dituzte. "Jendeari asko gustatzea espero dugu". Koru berezi bat denez jendeak ez duela espero esan du lakuntzarrak. "Ez daude oso ohituta horrelako abesbatzak entzutera, baina aurreko aldian oso ongi hartu zuten". Aurten "gutxienez" esperientzia errepikatzea eta jendeari "asko" gustatzea espero du, "behintzat, ongi pasatzea".

2020ko otsailean, pandemiaren aurretik, abesbatzaren hamargarren urteurrena ospatzeko aukera izan zuten. Ehun kide inguruk osatzen dute korua, baina orain koronabirusarekin parte hartzea murriztu dela azaldu du Anduezak: 80 bat pertsona daude. Musika talde erraldoi bat da, eta adin tarte guztietako jendea dago. Zaharrenak 80 urte inguru ditu eta gazteenek 20. Lakuntzara talde txikiago bat helduko da, 50 pertsona inguru. Kotxez etorriko dira. "Gogo handiarekin daude aurreko aldian etorri gienenean jendea itzultzeko gogoekin gelditu zelako". Aurten aukera sortu da.

"Abesbatzaz gauza asko gustatzen zaizkit. Lehenengoa, abestea, gustatzen zaidalako, baina esperientzia izugarria da horrelako abesbatza batean parte hartzea; ehun pertsonekin abestea". Taldeko energia "oso berezia" sortzen dela esan du Anduezak. Lakuntzarra 2013 inguruan sartu zen. Musika gustatzen zaio, Lakuntzako musika eskolan akordeoia ikasi zuen, eta abestia betidanik gustatu izan zaio. Aurretik beste abesbatza batean zegoen, baina Cor Vivace kontzertu batean ezagutu zuenean, "asko gustatu" zitzaion eta abesbatza batean sartzeko proba egin zuen. "Ez da abesbatza profesionala, baina gutxieneko batzuk behar dira. Irakurtzen azkartasuna izatea, eta abestiak entzuteko eta errepikatzeko azkartasuna”.

Erlazionatuak

"Taldeko energia oso berezia sortzen da"

Erkuden Ruiz Barroso 2021 urr 29 Lakuntza