Azaroaren 7an jokatu zen 65. Donostiako Nazioarteko Kros prestigiotsua, Lasarteko Hipodromoan, eta mundu mailako korrikalari garrantzitsuekin batera hainbat sakandar aritu ziren lehian. Aurreikusi bezala, atleta afrikarrak izan ziren protagonista.
Gizonezkoen txapelketa absolutuan lehia ederra izan zuten Soriako Nazioarteko Krosa irabaztetik zetorren Rodrigue Kwizera korrikalari burundiarrak eta Thomas Ayeko korrikalari ugandarrak. Hiru bueltaren faltan Adal Mechaalek erasoa jo eta Kwizerak eta Ayekok jarraitu zioten. Emozio handiko lasterketan Kwizera soilik segundo baten aldearekin gailendu zitzaion (26:56) Ayekori (26:57). Goierri Garaia taldeko Beñat Katarain lakuntzarra 40. sailkatu zen (32:49).
Emakumezkoetan Zenebu Fikadu eta Zerfe Wondemagegb etiopiarrek lehia oso estua izan zuten. Azkenean Fikaduk irabazi zuen (25:27) Wondemagegberi 11 segundo aterata (25:38). Goierri Garaia Marina Zabala lakuntzarra 32. postuan sartu zen (34:02).