Futbola

Lakuntzako puntuei esker lider jarraitzen du Lagunakek

Guaixe 2021ko aza. 15a, 12:03

Lehen Maila Autonomikoa. Lehen multzoa. Hamabigarren jardunaldia: Lagun Artea 1 – Lagunak 2

Lagun Arteak Barañaingo Lagunak liderra hartu zuen Zelai Berrin, arratsalde hotz eta euritsuan. Partida hasi baino lehenago berriki zendutako Miguel Ansorena omendu zuten, klubeko babesle nagusietako bat, Madrilgo Fronton jatetxe ezaguneko nagusi eta Lagun Artearen berpizkundean ezinbesteko laguntza eman zuena. Hemendik aurrera Lagun Arteako harmailak bere izena izanen du, harmailako lanen zenbateko handi bat berak estali baitzuen. 

Lagunak liderrak izugarri sufritu behar izan zuen Lagun Artearen kontrako partidan jokoan zeuden puntuak eusteko. 13. minutuan Iñaki Berastegi urdiaindarrak Lagun Artearen markagailua mustu zuen, baina atsedenaldia baino lehen bana berdindu zuen Lagunakek, penaltiz. Bigarren zatian estu ibili ziren bi taldeak, garaipenaren bila, eta Lagunakek lakuntzarren atea zulatzea lortu zuen bigarrenez. 

Horrela, Lagunakek lidergoari eustea lortu zuen (24 puntu). Lagun Artea zazpigarren postuan dago (12 puntu). Datorren asteburuan Lizarran jokatuko dute lakuntzarrek, sailkapenean hirugarren dagoen River Egaren kontra.