Igandean Andosillan jokatu zuen Lagun Arteak, River Ega taldearen kontra. Bi taldeen arteko partida oso borrokatua izan zen eta hasieratik hiru puntuak lortzera atera ziren lakuntzarrak. Hala ere, River Ega izan zen aurreratu zena. Bigarren zatian Lagun Arteak bana berdindu zuen, Iñaki Berastegik sartutako golari esker, baina 2 eta 1 aurreratzea lortu zuen River Egak. Lakuntzarrek ez zuten etsi eta bina berdindu zuten, Ansorenari esker. Bukaera aldera, 88. minutuan, Maurice Gomisen jaurtiketak River Egaren ate barruan bukatu zuen eta 2 eta 3 aurreratzea lortu zuen Lagun Arteak. Arbitroak partida 3 minutu luzatuko zuela erabaki zuen, baina 95. minutuan, eta polemikaz betetako jokaldia tarteko, hiruna berdindu zuen River Egak eta puntu banaketarekin despeditu zen partida, lakuntzarren penarako.
Lerinés taldea da Lehen Maila Autonomikoko liderra (25 puntu) eta Lagun Artea seigarren postuan dago (13 puntu). Asteburuan hain zuzen ere Lerinés liderra hartuko du Lagun Arteak, Zelai Berrin.
German Idoate oroimenean
Larunbatean zendu zen German Idoate Aldaz entrenatzaile nafarra, 61 urte zituela. Entrenatu zituen taldeen artean dago Lagun Artea taldea, eta klub lakuntzarrak bere entrenatzaile izandakoa gogoan izan du eta doluminak eman dizkie senitarteko eta lagunei.