Astekaria

Gazte txokoak abendu erdialdean zabalduko ditu ateak

Guaixe 2021ko abe. 6a, 10:01

Gaztetxoak auzolanean altzariak garbitzen. UTZITAKOA

Sakanako Mankomunitatearen egoitzaren ondoan dago. 11 eta 14 urte arteko gaztetxoei bideratuta dago. Larunbat eta igande arratsaldeetan zabalduko ditu ateak, lau orduz. Egoitza udalak, gurasoek eta gaztetxoek auzolanean prestatu dute.

Uriz kaleko 32. zenbakia. Orain arte Sakanako Mankomunitatearen egoitzaren helbidea izan da. Baina abendu erdialdetik aurrera ibarreko erakundeak helbidea Lakuntzako Gazte Txokoarekin partekatuko du. Izan ere, Lakuntzako Udalak eskola laboralak izandakoaren zati bat, kaletik gertuen dagoena, horretarako egokitu du. Baina lan horietan udaleko langileez aparte, guraso talde bat eta egoitza erabiliko duten gaztetxoak ere aritu dira. Auzolanak irailaren 4an, lastailaren 2an eta azaroaren 6an egin zituzten. Eta zabaldu aurretik beste bat eginen dute, guztia behar bezain garbi uzteko. 

Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza alkateak azaldu duenez, “Gazte Txokoa aspaldiko premia zen. Neguan haurrak non sartu ezin jakin ibiltzen dira. Gazte Txokoa beraiendako espazio bat izanen da, ahalduntzeko, beti ere, hezitzaileen laguntzarekin”. Azaldu duenez, guraso batzuk udalarekin elkartu eta hortik auzolanetarako eta kontratazioak zehazteko taldeak sortu ziren. “11 eta 14 urte arteko gaztetxoendako tokia izanen da. Gaur egun adin horretako 60 bat daude Lakuntzan. Gazte Txokoan izena emateko epea zabaldu dugu. Udaletxean eman behar da izena eta ikasturte guztirako kuota sinboliko bat ordaindu beharko da”. 

Alkateak jakinarazi duenez, dagoeneko hiru hezitzaile kontratatu dituzte. “Astebururo bi ariko dira lanean, eta hirugarrenak jai izanen du. Txandakatzen joanen dira beti batek jai izateko”. Argitu du Razkinek. Azaldu duenez, Gazte Txokoak 120 metro karratu ditu areto handi batean, sukaldean eta komunetan banatuta. Udalak 3.500 euroko aurrekontua zuen lanak egiteko, baina auzolanak egin direnez aurrekontuak behera egin du. Eta gehiago jaitsi da Salmen Etxeak sukaldea eta altzariak oparitu baititu.  

Gizarte etxebizitza 
Gazte Txokoarena ez da eraikinean egiten ari diren lan bakarra. Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak sustatuta, gizarte etxebizitza bat sortzeko lanak aurrera doaz. “Lanak aurten despeditu nahi ditugu, baina luzatzen ari dira”, azaldu du Razkinek. “Etxe gabetze kasu batean, tratu txarren kasu batean, sute batek etxea txikitu duenean… Aparteko halako egoeretan erabiltzeko etxebizitza litzateke. Zein kasutan zeinek erabili behar duen, egoeraren balorazioa eta erabakia gizarte langileek eginen dute”, argitu du alkateak. 

Etxebizitzak 144 metro karratu izanen ditu. Eta hura egokitzeko 15.000 euro bideratuko ditu aipatu mankomunitateak. Lanak Lakuntzako Udala koordinatzen ari da, baina Etxarri Aranazko Udalak ere lanen bat eginen du. Gizarte etxebizitzak eta Gazte Txokoak berogailu bera erabiliko dute, baina egoitza bakoitzaren erakunde arduradunak bere zatia pagatuko du. 

Eraikinaz 
Nafarroako Lanbide Heziketako Patronatuak La Barranca ofizialtza eskola 1964an sortu zuen Lakuntzan. Industrializatzen ari zen herrialdeko enpresendako langile trebatuak behar ziren eta hamarkada hartan halako sei ikastetxe eraiki zituzten Nafarroan. Ikastetxea Sakana erdialdeko hainbat udalen jabetza da. Ikastetxe izandakoaren mendebaldeko aldean gaur egun Sakanako Mankomunitateak du egoitza. Ekialdean, Tasubinsak. Atzeko aldean Anfasen Sakanako egoitza dago.