Lagun Arteak sailkapenean hirugarren den Erriberri izan zuen aurkari atzo, igandea, Erriberrin. Ongi hasi ziren lakuntzarrak, Aitor Egurzak sartutako golarekin markagailuan aurreratu baitziren, baina handik gutxira bana berdintzea lortu zuen Erriberriko Jontxuk. Atsedenaldira banako berdinketarekin joan ziren bi taldeak eta bigarren zatiari ere aldarte berdinarekin ekin zioten, baina 58. minututik aurrera iritsi zen Erriberriren berpizkundea eta Lagun Artearen erorketa. Lau gol sartu zituzten Erriberrikoek, eta 5 eta 1 galduta eta jipoi ederra hartuta bueltatu ziren lakuntzarrak.
Lehen Maila Autonomikoko lehen faseko azken partida zen asteburukoa. Lagunak taldea izan da liderra (35 puntu) eta Lagun Artea azkena sailkatu da, bederatzigarren (13 puntu). Ilbeltzean bigarren fasea hasiko da eta lehen faseko sailkapenaren arabera, Hirugarren mailara igotzeko edo Lehen Maila Autonomikoari eusteko borrokatuko dira taldeak. Hirugarren mailara igotzeko borrokan hamabi talde egongo dira, lehen, bigarren eta hirugarren multzoko onenak, eta Lehen Maila Autonomikoari eusteko borrokan hamabost talde lehiatuko dira, hiru multzoetako puntu gutxien dituztenak, Lagun Artea tartean. Lagun Artearekin batera Peña Azagresa, Mendi, Muskaria, Aluvión, Beti Casedano, Doneztebe, Artajonés, Lourdes, Zirauki, Zarramonza, Burlades B, Aoiz, Unav eta Fontellas lehiatuko dira.