Futbola

Lagun Artearen hirugarren garaipena jarraian

Guaixe 2022ko urt. 24a, 10:14

Lagun Arteak hasieratik lotu zuen partida. LAGUN ARTEA

Lehen Maila Autonomikoa. Bigarren faseko hirugarren jardunaldia: Zirauki 0 – Lagun Artea 3

Lehen Maila Autonomikoari eusteko borrokan beste hiru puntu garrantzitsu lortu zituen Lagun Arteak larunbatean Ziraukin. Partida hasi eta berehala aurreratu ziren lakuntzarrak, 9. minutuan Iñaki Berastegik sartutako golari esker. Berehala, 14. minutuan, iritsi zen Gaizka Sagarzazuk sartutako gola. Zirauki saiatu zen, baina ezin, eta Lagun Arteako jokalariak markagailuan 0 eta 2 aurreratuta joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian partidari buelta ematera atera zen Zirauki, baina Lagun Arteak ongi eutsi zuen eta 68. minutuan Gaizka Sagarzazuk taldearen hirugarren gola sartu zuen. Partida ona eginda, jokalari txuriek hiru puntuak etxera ekarri zituzten. 

Bigarren fasean jokatutako hiru partidak irabazita, Lehen Maila Autonomikoari eusteko borrokari primeran ekin dio talde lakuntzarrak. Sailkapenean Burlades B da lider (30 puntu) eta Lagun Artea zortzigarren postuan dago (22 puntu), jaitsiera postuetan, zortzigarren postutik beherakoak jaitsiera postuak baitira. 

Datorren jardunaldian Lagun Arteak Aoiz taldea hartuko du Zelai Berrin.