Futbola

Aoizek Lagun Artearen garaipen bolada eten egin zuen

Guaixe 2022ko urt. 31a, 11:40

Lehen Maila Autonomikoa. Bigarren Multzoa. Bigarren faseko laugarren jardunaldia: Lagun Artea 1 – Aoiz 3

Lagun Arteak Aoiz taldea hartu zuen igande arratsaldean Zelai Berrin. Aoiz bikain hasi zen hasieratik eta 9. minuturako 0 eta 2 aurreratu zen. Kanpoko taldea nagusi zen eta ahal zuen moduan defendatzea, Lagun Arteak ezin izan zuen besterik egin. Atsedenaldiaren ondoren Lagun Artea hobeto aritu zen, baina Aoizek hirugarrena sartu zuen. 64. minutuan Lagun Artearen gola iritsi zen, Aoizko Morenok ate propioan sartutakoa, baina lakuntzarrek ezin izan zuten gehiago egin. “Aoiz merezitako irabazlea izan da. Futboleko alderdi guztietan gailendu zaigu, eta halakotan arerioa zoriondu, ez dago besterik, eta burua datorren jardunaldian jarri” azaldu dute Lagun Arteatik. 

Lehen Maila Autonomikoko Bigarren multzoko lider Zarramonza da (32 puntu). Lagun Artea bederatzigarren da (22 puntu), jaitsiera postuetan. Mailari eusteko borrokan hurrengo arerioa sailkapenean azkena den UNAV du Lagun Arteak.