Futbola

Akatsek kondenatu zuten Lagun Artea

Guaixe 2022ko ots. 21a, 13:00

Lagun Artea taldekoek ebakuntza egin dioten Unai Bakaikoa taldekideari omenaldi txikia egin zieten. OSKAR MAIZA

Lehen Maila Autonomikoa. Bigarren faseko jaitsiera  multzoa. Zazpigarren jardunaldia: Lagun Artea 2 – Burlades 3

Lagun Arteak 2 eta 3 galdu zuen Burlades B taldearen kontra larunbatean Zelai Berrin jokatutako partidan. Ongi jokatu zuen Lagun Arteak, erasokor, eta ez zuen galtzea merezi izan, baina hiru akatsengatik partidak ihes egin zien.

Partida hasi eta ordu erdira Cruzek Lagun Artea aurreratu zuen, baina atsedenaldia baino lehen bana berdintzea lortu zuen Burladesek. Bigarren zatiko 51. minutuan Burladesek bigarrena sartu zuen, eta handik bi minutura hirugarrena. Zorigaiztoko hiru minututan eta akatsen ondorioz hankaz gora jarri zitzaion partida Lagun Arteari, baina txuriek ez zuten etsi. 85. minutuan Unanuak sartutako golari esker 2 eta 3 hurbildu zen Lagun Artea, eta partida berdintzen saiatu ziren lakuntzarrak. Zoritxarrez, ez zuten lortu eta hiru puntuak Burlatara joan ziren. 

Lehen Maila Autonomikoko bigarren faseko jaitsiera multzoko lider Zarramonza da liderra (37 puntu). Lagun Artea hamargarren da, jaitsiera postuetan (22 puntu). Asteburuan atseden jardunaldia dute lakuntzarrek baina kategoriari eusteko borrokan puntuak biltzen hasi beharko dira.