Astelehena iristeko orduak kontatzen aritu dira Lakuntzako kintoak, egun horretan hasiko baitituzte beraien ospakizunak. Dagoeneko badakite haietako zeinen etxean gosaldu eta merendatuko dute, zozketa bidez aukeratu baitute. Hamar gaztek osatzen dute aurtengo kintada: Ander Gasko, Iñaki Arraiza, Adur Mayo, Nerea Cerezo, Aimar Tadeo, Aimar Ramajo, Alaitz Gil, Mikel Lopez, Asier Goikoetxea eta Maddi San Sebastian. Ohi bezala, kinto ospakizunean kinto gazteek ere parte hartuko dute, hamabostek zehazki.
Baserritarrez jantzi eta gaur, 10:30 aldera, plazara joanen dira. Trikitilari eta pandero jolea lagun dituztela ariko dira kinto eskean. Haien presentzia gehiago nabarmentzeko bonboa ere joko dute kintoek. Etxez etxeko eskea gosaltzeko, bazkaltzeko eta merendatzeko etengo dute. Afaldu ondoren Tolosarako bidea hartuko dute gazteek. Han segituko dute parrandarekin. Asteartean, atzera ere, kinto eskean segituko dute gazteek. Izan ere, jasotakoarekin bi egunetako parranda ordainduko dute. Asteleheneko martxa bera izanen dute. Baina, afaldu ondoren, Tolosara beharrean Altsasura joanen dira parranda egitera.
Bi egun horietako ospakizunez aparte, Lakuntzako kintoek urtean beste bitan plazara atera behar izaten dute, bietan dantzara. Hala egin zuten San Sebastian egunean, ilbeltzaren 20an, plazan Alkate dantza dantzatu zuten. Eta dantza bera dantzatuko dute Corpus egunean plazan.