Futbola

Lagun Arteak gehiegi barkatu zuen

Guaixe 2022ko mar. 14a, 10:47

1. Maila Autonomikoa. Bigarren fasea. Kategoria eusteko multzoko hamargarren jardunaldia: Lagun Artea 1 – Fontellas 2

Lagun Arteak Fontellas taldea hartu zuen igandean Lakuntzan. Kategoriari eusteko borrokan hiru puntuak lortzea oso garrantzitsua zen talde lakuntzarrarendako eta asmo horrekin zelairatu ziren txuriak Zelai Berrira. Lehen zatian Lagun Arteak dominatu zuen. 18. minutuan Ander Unanuak Lagun Artea aurreratu zuen, lakuntzarren pozerako. Bitartean, gutxika Fontellas Lagun Artearen atera iristen hasi zen. Lagun Artea akatsak egiten hasi zen, eta horietako batean, zorigaiztoko jokaldi batean, ate propioan gola sartu zuten lakuntzarrek. 

Bigarren zatian Fontellas gogo gehiagorekin atera zen zelaira, eta Lagunen pilota galdu bat aprobetxatuz, euren bigarren gola sartzea lortu zuten. Hortik aurrera Lagun Arteako jokalariak ez ziren eroso ibili eta hiru puntuak Fontellasera joan ziren. 

Zarramonza da liderra (41 puntu) eta Lagun Artea hamabigarren postura joan da (22 puntu), jaitsiera postuan. Hain zuzen ere datorren jardunaldian Lagun Arteak liderra hartuko du, Zarramonza, Zelai Berrin. Lakuntzarrek partida zaila dute aurretik, baina puntuatzen hasi beharra dute.