39 urteko langile bat hil da lan istripuan, Lakuntzan

Guaixe 2022ko mar. 18a, 18:19

Sakana Kooperatiban haize erroten piezak. ARTXIBOA

Ezbeharra gaur arratsaldean izan da, garabi batekin pieza astunak zeramatzala, horietako batean harrapatuta geratu da. Atzo enpresa berean antzeko istripu bat izan zen, eta langilea zauritu zen. 

Lakuntzako Sakana kooperatiban lan istripu larria izan da gaur, ostirala, 15:15ean, eta 39 urteko gizonezko bat hil da. Diario de Noticias-ek aurreratu duenez, Berriozarkoa zen. Garabi batekin pieza astunak mugitzen ari zen, eta horietako batean harrapatuta gelditu da. Altsasuko suhiltzaileak atera dute eta bere onera ekartzen saitu dira, baina langilea hil egin da. Iruñeko suhiltzaileak, bi anbulantzia eta helikopteroa bertaratu dira ere. Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da. 

Atzo enpresa berean 47 uteko langile bat zauritu zen makina batek bularrean ia harrapatu zuenean, eta 2015ean langile bat hil zen.

Erreakzioak
Sindikatuek gogorarazi dute enpresa horretan zazpi urtean hildako laugarren langilea dela. 2015eko garagarrilean 26an, lantegiko teilatua konpontzen ari zen langilea erori eta hil egin zen, azpikontrata bateko langilea zen. 2018ko martxoaren 15ean, beste langile bat metalezko plataforma bat gainera erorita. 2019ko garagarrilean 25ean, talde bereko Lakber Mecanizados enpresan beste langile bat hil zen makina batek azpian harrapatuta. 

LABek enpresari exijitzen dio lan osasuna bermatzeko neurriak berehala integratu ditzala, bai segurtasun ikuspegitik eta bai gaixotasun profesionalak sortu ditzaketen gainontzeko faktoreak ere kontrolatuz. Aldi berean, lan osasun neurrien kontrola eraman behar duen administrazioaren ageriko utzikeria salatu du. ELAk patronalari exijitzen dio plantillaren segurtasuna etekin ekonomikoaren gainetik lehenesteko, eta Nafarroako Gobernuari lan-baldintzak kontrolatzeko baliabideak areagotzeko.

Lan istripuak gertatzen diren bakoitzean egin ohi duenez, euskal gehiengo sindikalak deituta enpresaren parean elkarretaratzea eginen da, bihar, 11:00etan.