Enkofratu plataforma batek harrapatuta ostiralean langile bat hil zen Lakuntzako Sakana kooperatiban. ELAk lehenik eta behin “babesa eta elkartasuna” adierazi die biktimaren senideei eta gertukoei, eta, aldi berean, lan ezbeharraren arrazoiak eta erantzukizunak zehazteko ikerketa sakona egitea eskatu du. Enpresan azken zazpi urtetan hil den laugarren langilea dela gogorarazi du ELAk, eta Nafarroan lantokian aurten hil den bigarren langilea dela ere gogorarazi du.
Sindikatuak gaztigatu duenez, “2012. urteaz geroztik, Nafarroan laneko ezbehar tasak %30 egin du gora, eta laneko heriotzen %40 enpresek segurtasun neurriak ezartzen ez dituztelako gertatzen dira”. ELAk salatu duenez, “horren aurrean, patronalak ez du erantzunik ematen, eta Nafarroako Gobernuak behin eta berriz bideratzen ditu baliabide publikoak Prebentzioko Lurralde Ordezkaria finantzatzera, ezeraginkorra dela jakin arren, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua eta Lan Ikuskaritza kolapsoaren ertzean mantentzen dituen bitartean”.
ELAk eskatu du “langileen segurtasuna onura ekonomikoaren aurrean lehenestea”. Horrekin batera, eskatu du “elkarrizketa sozialeko politika ez eraginkorrak bertan behera uztea, kontrolerako bitarteko publikoak areagotzeko helburuarekin”. Aldi berean, sindikatuak langileei dei egin die “antolatzeko eta mobilizatzeko, enpresetako eta lantokietako laneko ezbeharrak behin-betiko desagerrarazteko”.