Garabi batekin zama astunak mugitzen ari zela piezak harrapatuta hil zen langilea ostiralean Sakana kooperatiban. LABek gogorarazi du lan prozesu bera egin zuen langile kooperatibista bat larri zauritu zela bezperan. Eta gogora ekarri du azken zazpi urtetan lau hildako izan direla lantegian. LABek “irmoki” salatu du “lan osasunarekiko enpresak duen utzikeria, argi adieraziz, istripu guztiak direla ekidingarriak”.
Sindikatuak enpresari exijitu dio “lan osasuna bermatzeko neurriak berehala integratu ditzala, bai segurtasun ikuspegitik eta bai gaixotasun profesionalak sortu ditzaketen gainontzeko faktoreak ere kontrolatuz”. LABen iritziz, “nabarmena da enpresa honek urteetan utzikeria azaldu duela bere langileen osasunarekiko eta neurriak hartu behar dituela behingoz”.
LABek “lan osasun neurrien kontrola eraman behar duen administrazioaren ageriko utzikeria” ere salatu du: “ez Nafarroako Laneko Osasunerako Institutuak ez lan ikuskaritzak, ez dituzte beharrezko neurriak hartu ageriko arazoak dituen enpresa honen inguruan”. Sindikatuak ondorioztatu duenez, “azken urteetako lan istripuaren eta hildako kasuen jarraipena eta prebentzio neurrien integrazioa kontrolatu behar luketenak ez dute euren lana egin. Administrazioaren utzikeria honek, patronalari eskuak aske uzten dizkio lan osasun araudia ez betetzeko honek dakarren emaitza beldurgarriarekin. Sindikatuak adierazi duenez, “prekarietatean oinarrituriko lan harremanak ezin dira onartu. Bizitza galtzerainoko muturreko prekarietatea”.