Ehunen bat pertsona elkartu ziren Sakana kooperatibaren parean hilaren18an lantegian izan zen heriotza salatzeko. Enpresa batzordeak adierazi zuenez, “onartezina da azken zazpi urtetan lan istripuen ondorioz lau hildako izatea 300 langilera iristen ez den enpresa batean”. Enpresa batzordeko kideen iritziz azken heriotza “ez da kasualitatea izan, antzekoak izan ziren bi lan istripu larri izan genituen joan den astean”.
Enpresa batzordeko kideek esan zutenez, lan ezbeharrek “agerian uzten dute hartutako neurriak ez direla nahikoak, prebentzio neurriak ez direla betetzen ari. Partxeak jartzea bukatu da”. Horregatik, “konponbideak” exijitu zituzten: “ez gaude prest ezer gertatuko ez balitz bezala lanean hasteko, tamalez horrela izan da orain arte”. Eta “jarrera aldaketa” eta “enpresa guztia ikutuko duen aldaketa sakona” exijitu zuten. Eta horrekin batera, lantegian “indarrean dagoen prebentzio sistema aldatzea” exijitu zuten, “dagoenak funtzionatzen ez duelako”. astearteko kontzentrazioarekin aldaketaren hasiera irudikatu nahi izan zuten.
Azkenik, enpresa batzordeko kideak Nafarroako Gobernuari eta Lan ikuskaritzari istripuan gertatutakoak lehenbailehen argitu eta halakorik berriro gerta ez daitezen beharrezko neurriak hartzea exijitu zioten.