Heriotza eragin duen azken lan istripua dela eta, Lakuntzako Udalak erakunde adierazpena onartu du. Udalak lehenik eta behin herrian lan istripuetan hildakoen familia, lagun, lankide eta gainerako gertukoei “elkartasuna eta atsekabea adierazi” die. Era berean, udalak “lan istripuak behin betiko desagerrarazteko hartu beharreko neurriak har daitezen aldarrikatu eta nondik norakoak argi ditzan eskatzen dio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari”.
Lan istripuak desagertaraztea “ezinbesteko” jo du Lakuntzako Udalak. Horretarako, “behar-beharrezkoa da egungo lan osasun eta segurtasunean aurrerapauso nabarmenak ematea. Eta langile guztien, eta batik bat egoera bereziki zaurgarrian daudenen, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Araudia zehatz-mehatz eta irmoki betearaztea”. Horregatik, udaletik dei egin diete “eragile guztiei administrazioa, erakunde sindikalak eta patronalarekin batera lan arriskuen prebentzioaren aldeko praktika onen jarrera izan eta bultza dezaten”.
Horrekin batera, “Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Araudia hitzez hitz eta zehatz-mehatz betetzen ez dutenen eta lan eremuko osasun eta segurtasun neurriak betetzen ez dituztenen salaketa ere egiten du lan eremuko ikuskaritzan hobekuntzak eskatuz”. Azkenik, Lakuntzako Udalak, bestalde, azken lan istripua deitoratzeko helburua duten ekimen eta adierazpenekin bat egin du.