Udalak administrari laguntzaile bat kontratatuko du

Guaixe 2022ko mar. 30a, 10:04
Lakuntzarrak udaletxe ondoan.

Lanpostua betetzeko oposizio lehiaketa deitu du. Deialdian parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa apirilaren 11ko 14:00ak arte aurkeztu daitezke.

Lakuntzako Udalak administrari laguntzailea aukeratzeko oposizioa deitu du. Deialdian interesa duten pertsonek honako baldintzak bete beharko dituzte: Europar Batasuneko estatu bateko naziotasuna izatea; gutxienez, Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako 1. mailakoa edo baliokideren bat izatea; eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea; lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisikoa nahiz psikikoa izatea eta euskara jakitea, EGA maila edo horren parekoa eskatuko da.

Udalak jakinarazi duenez, oposizio lehiaketaren emaitzekin itxaron zerrenda bat osatuko da, udalak etorkizunean aldi baterako kontratuak egin behar ote dituen. Halakoetan, hautaprobak gainditu dituzten izangaien arteko puntuazio ordenari hertsiki lotuz eginen da kontratazioa.

Deialdi horren bidez hautatutako pertsonaren egitekoen artean, besteak beste, honakoak izanen dira: jendeari harrera egitea, ordenagailuak, pantailak eta terminalak erabiltzea eta esleitzen zaizkion administrazioko eta antzeko eginkizun guztiak, bere lanpostuko eginkizunen barnean. Lanpostua eskuratzen duen pertsonak lan kontratu finko izanen du, D mailari edo taldeari dagokion soldata izanen du, plantilla organikoan ezarritako osagarriak ere.