Automobilismoa

Garikoitz Floresek denboraldia kotxe berriarekin mustu du

Guaixe 2022ko mar. 25a, 11:00

Aiako Igoeran hirugarren izan zen pilotu lakuntzarrak

Mendi igoeren denboraldia hasi da. Larunbatean Aiako Igoera jokatu zen eta han bildu ziren motorzaleak. Sakana Motorsport eskuderiako Garikoitz Floresek auto berria mustu zuen, Talex M3. Lakuntzarraren helburua hasi berri den denboraldirako autoa bere gustura doitzea zen. Berarekin asistentzia gunean lanean aritu zen Raul "Patxu" Lopez olaztiarrak adierazi duenez, Floresek asteburu honetan Espainiako Mendi Igoeren Txapelketako lehendabiziko lasterketa jokatuko du, Esteponan, eta Aiako Igoera Esteponako hitzordu garrantzitsua prestatzeko erabili zuen, proba ezberdinak egiteko.

Aian, frenoak fintzea eta doitzea izan zen Floresen lehenengo lana. Autoa ongi probatzea eta fintzea zen xedea. Horrela, behetik gora egin zuen pilotu lakuntzarrak eta hirugarren sailkatu zen (1:54.302), Arkaitz Ordoki bigarrenetik (Silver Car S3) bi segundora (1:52.729).
Aiako Igoerako protagonista nagusia Joseba Iraola izan zen (NP01). Pilotu bizkaitarrak Aian gora hegan egin zuen eta lasterketako errekorra apurtu zuen (1:39.328). Bera ere asteburuan hasiko den Espainiako Igoera Txapelketan parte hartzekoa da.