Txirrindularitza

Ion Gil Velazen lehen garaipena afizionatuetan

Guaixe 2022ko mar. 28a, 09:30

Ion Gil, podiumean. UTZITAKOA

Gomur-Cantabria taldeko txirrindulari lakuntzarrak San Jose de El Astillero Saria irabazi zuen, Cantabrian

Martxoaren 20an afizionatuen mailako LVI. San José de El Astillero-XX Pedro Echevarria Memoriala jokatu zen El Astilleron (Cantabria), 124,4 kilometroko proba. Aurten Gomur-Cantabria Infinita taldearekin dabilen Ion Gil Velaz txirrindulari lakuntzarrak eta bere taldekideek lasterketa bikaina egin zuten, talde arrosako lau kide iritsi baitzen elkarrekin helmugara. Esprintean Ion Gil izan zen azkarrena. 

Lasterketa oso mugitua izan zen. Erdialde aldera laukote batek aurrera egin zuen, baina atzetik beste laukote batek salto egin eta aurreko taldearekin bat egin zuen. Bertan zeuden Gomur-Cantabria taldeko lau txirrindulari, Ion Gil tartean. Gomur taldeak argi zuen: helmugara arte gogor aurrera egitea. Horrela, gainontzeko txirrindulariak bidean geratu ziren eta Gomurreko lau txirrindulariak batera iritsi ziren helmugara, Ion Gil buruan zela, bere taldekide Samuel Fernandez, Sergio Gutierrez eta Rodrigo Alvarezekin batera.