Futbola

Lagun Artearen hirugarren garaipena jarraian

Guaixe 2022ko api. 5a, 10:20

Lagun Artea eta Doneztebe, jokoan. OSKAR MAIZA

Lehen Maila Autonomikoa. Bigarren fasea. Kategoria eusteko fasea. Hamahirugarren jardunaldia: Doneztebe 0 – Lagun Artea 1

Lagun Arteak lan oso garrantzitsua egin zuen larunbatean Donezteberen kontra jokatutako partidan. Lakuntzarrek Doneztebe ederki estutu zuten eta euren jokoa egitea ekidin zuten. Unai Zubiriak 14. minutuan Lagun Artearen aldeko gola sartu zuen eta sakandarrek errenta oso ongi eusten jakin izan zuten. Bigarren zatian Doneztebek ausart jokatu zuen, eta bere erritmoa ezartzea lortu zuen, baina Lagun Arteak oso ondo defendatu zuen eta atea hutsik eusteko gai izan ziren lakuntzarrak. 

Sei jardunaldi galtzen egon ondoren, azken hiru jardunaldiak irabazi ditu Lakuntzako taldeak. Artajonés da lider (60 puntu) eta Lagun Artea bederatzigarren da (31 puntu), jaitsiera postuetan. Postu hauetatik ateratzeko dinamika honekin jarraitu beharko du Lagun Arteak. Asteburuan hamaikagarren den Zirauki taldea hartuko du Zelai Berrin, arerio zuzena. Ea beste hiru puntutxo lortzen dituen.