Lakuntzar talde murriztu batek baino ez du Muga Zero herriko talde berriaren doinuak entzuteko aukera izan. Duela pare bat aste lokal batera mugitu ziren, baina sortu zirenetik herrian entseatzen zuten, botikaren itxaron uneak alaituz. Mustutze ofiziala apirilaren 30ean eginen dute, 19:00etan, Lakuntzako kultur etxean, The Guilty Brigade taldearekin eginen duten kontzertuan. Oier Larunbe Lizarraga taldeko baxujolea da, eta Iba Lanz Betelu gitarrajolea. Haiekin batera Ander Gasko bateriajoleak eta Joni Zapra abeslariak eta gitarrajoleak osatzen dute laukotea.
Aurretik beste talderen batean jo duzue?
Ibai. Ander talde batean zegoen eta hor ikasi zuen bateria jotzen. Musika eskolatik dator, baina bertan zerbait ikasten duzu, eta gero zure estiloa garatzen duzu. Berak metalean egin zuen. Larunbe eta biok Enbajada taldean egon ginen, hor elkar ezagutu genuen. Joni Zapra Behin betiko taldean egon zen. Urte dezente egon da geldirik, baina musikaren mundura itzultzea lortu dugu.
Asko kostatu zitzaizuen konbenzitzea?
I. Ez. Nire aldamena da eta musikarekiko konexioa bagenuen. Pandemia garaian ez ginenean herritik ateratzen edo parrandarik egin, hemengo pintxo poteak indarra hartu zuen eta elkar ikusten genuenean esaten zidan zerbait egin behar genuela. Gogoratzen nionean esaten zidan hitz egingo genuela, eta gero berriz motibatuta egin behar genuela. Bost hilabete inguru egon ginen horrela, eta, azkenean, egun batean gelditu ginen eta hortik hasi ginen.
Horrela sortu zen taldea?
O. Taldearen nukleoa izan zen. Gero sartu ginen Gasko eta biok.
Zein da zuen estiloa? Hasieratik markatu zenuten?
I. Betidanik egin duguna. Punk rock? Ez dakigu zehazten, baina hortik ibiliko da.
O. Bai, baina ez ditugu etiketak gehiegi gustuko.
Musika eskolan ikasitakoak zarete edo dena zuen kabuz ikasi duzue?
O. Nik musika eskolan gitarra klasikoa ikasi nuen, hortik elektrikoa hartu nuen eta gero baxua.
I. Nik akordeoia ikasi nuen eta urte pila bat egon nintzen. Ez dakit nazkatu nintzen edo zer, baina bukatu ondoren ia ez nuen jotzen, eta gitarra elektriko bat hartu nuen. Nire kabuz ikasi nuen.
Baina esperientzia taldean jotzen hartzen da.
O. Etxean jotzea garrantzitsua da, baina taldean jotzea ere oso garrantzitsua da.
Noiztik ez zarete oholtza batera igotzen?
I. Iturmendiko sanmigeletan eta Larraonan; bi kontzertu jarraian izan genituen. Taldea bukatu behar zen, eta hhori izan zen bukaera.
O. 2019ko maiatzetik.
Nolakoa izanen da oholtzara bueltatze hori?
O. Orain arte bertsioak jo ditugu eta oraingoan denbora gehiago egon gara prestatzen eta gure abestiekin aterako gara. Hamaika abesti sortu ditugu. Horregatik pixka bat urduri gaude.
I. Ea jendearen gustukoak diren.
Beraz, zuek sortu dituzue abestiak? Nolakoa izan da sortze prozesua?
I. Gure sortze prozesua da lehenengo musika sortzea eta gero letra. Inprobisatzen hasten gara, eta egun batean sortzen zaizkigu ideia pila bat, beste egun batean ezer ez.
O. Arazo gehien eman dutena, agian, letrak izan dira. Musika nahiko erraz ateratzen da. Letrak sortzen blokeoak egon dira, buruari bueltak ematea, askotan ez genekien zer jarri, isilik gelditzen ginen... Baina, azkenean, aurrera egin dugu.
Zeri buruz hitz egiten duzue?
I. Gai sozialak. Ideiak bagenituen; zeri buruzko abestiak egin nahi genituen bagenekien, eta azkenean ia hamaika abesti desberdin atera dira.
O. Saiatu gara aniztasuna ematen eta bi abesti edo gai berdina ez izaten.
Zertan inspiratzen zarete?
I. Entzuten dugun musikak inspiratzen gaitu asko: La Polla Record, The Toy Dolls, Barricada, Gatillazo…
Zenbat entseatu duzue?
O. Astean bitan, eta azkenengo astetan hirutan. Bi ordu inguru.
Udalaren lokal batean entseatzen duzue.
I. Bi aste inguru daramatzagu hemen. Orain arte nire etxean egon gara entseatzen, eta bertan egotean ia herri osoan entzuten zen. Gainera, batzuetan leihoa irekitzen genuen, eta jendea pasatzen zen. Ordu egokietan jotzen genuen. Baina ikusten genituen aurreko espaloian haurrak eserita, edo farmaziara joaten zen jendea, itxoiten zegoela, guri entzuten geratzen zela ere.
Zer espektatiba dituzue?
I. Gure helburua oraintxe da kontzertuekin eta abar pixka bat aurreztea, eta diskoa grabatzea. Printzipioz hori da helburua. Gero ikusiko dugu. Gauzak ahalik eta hoberen egiten saiatu.
O. Ez ditugu kristoren espektatibak jarri. Gehien bat guregatik egiten dugu, gustatzen zaigulako.
Disko formatuan aterako duzue?
I. Bai, diskoa. Gustatzen zaigu euskarri fisikoan izatea.
O. Gero plataforma digitaletan jarri beharko dugu ere.
Zer espero duzue kontzertuarekin?
O. Lakuntzako jendea, gure ingurukoa, motibatuta dago. Belaunaldi guztitako jendea etorriko da.
I. Izan ere, Gaskok 18 urte bete ditu, Larunbek 24 beteko ditu, nik 28 eta Jonik 40 inguru...