Futbola

Kategoria eusteko ametsa gertuago ikusten du Lagun Arteak

Guaixe 2022ko api. 25a, 10:00

Lagun Artea eta Universidad de Navarra taldeen arteko partida. OSKAR MAIZA

Lehen Maila Autonomikoa. Bigarren fasea, kategoriari eusteko multzoa. Hamaseigarren jardunaldia: Lagun Artea 3 – Universidad de Navarra 1

Lehen Maila Autonomikoko 2021/2022 denboraldian Lagun Artea taldeak behetik gora egin duela nabarmena da. Bigarren fasean, kategoriari eusteko multzoan dago lehiatzen talde lakuntzarra, eta igandean Universidad de Navarra taldearen kontra bere seigarren garaipen jarraitua lortu eta gero, sailkapenean gora egin dute txuriek eta kategoriari eusteko postuak soilik bi puntura dituzte. 

Lagun Arteak Universidad de Navarra hartu zuen igandean Zelai Berrin. Unibertsitatekoak garaipena lortzeko asmoz kantxaratu ziren, jaitsiera postuetan baitaude, baina Lagun Arteakoek ez zieten aukerarik ñimiñoena eman. Christian Laplanak mustu zuen Lagun Artearen markagailua, 13. minutuan, eta 21. minutuan Unai Zubiriak bigarrena sartu zuen. Berehala, hiru minutura, Unai Zubiriak atzera ere Universidad de Navarraren atea zulatu zuen eta partida bideratuta utzi zuten lakuntzarrek. Universidad de Navarrakoek gol bat sartu zuten atsedenaldia baino lehen eta bigarren zatian Lagun Artearekiko zuten aldea txikitzen saiatu ziren, baina markagailua ez zen gehiago mugitu, lakuntzarrek oso ongi eutsi baitzuten. 

Seigarren garaipen jarraituari esker, gutxika jaitsiera postuak atzean uzten ari da Lagun Artea. Liderra Peña Azagresa taldea da (50 puntu) eta Lagun Artea zortzigarren postura igo da (40 puntu). Oraindik jaitsiera postuetan dago Lagun Artea, baina zazpigarren postua, jaitsieratik kanpoko lehena, soilik bi puntura du. Hortaz, liga despeditzeko sei jardunaldiren faltan, Lehen Maila Autonomikoari lortzeko borroka betean sartuta dago Lagun Artea. Asteburuan sailkapenean bigarren den Artajonés taldearen kontra jokatuko dute lakuntzarrek, Artaxoan. Ea garaipenaren bidetik jarraitu eta kategoriari eustea lortzen duten.