Udalak dirulaguntza deialdia zabaldu du

Guaixe 2022ko mai. 16a, 10:05
Lakuntzarrak udaletxe ondoan. ARTXIBOA

Kultur, kirol eta gizarte arloko entitateek egin ditzakete eskaerak.

Lakuntzarrek beraien herrian parte hartzera bultzatu, bizi kalitatea hobetu, eta heziketa, artea, kirola, kultur eta gizarte arloko jarduerak sustatu eta laguntzeko asmoz, Lakuntzako Udalak ie kultur, kirol eta gizarte arloko entitateei zuzendutako dirulaguntza deialdia onartu du. Udalak jakinarazi duenez, diruz lagunduko dituen jarduerak bost izanen dira: heziketa jarduerak, haien helburua biztanleriaren edozein sektoreren arautu gabeko hezkuntza bada; arte eta kultur arloko jarduerak: antzerkia, musika, dantza, zinema, bideoa, literatura, arte plastikoak, folklorea eta antzekoak; gizarte arloko jarduerak, haien helburua herritarren sustapena bada; herriko arte eta kultur ondarearen babespenaren aldeko jarduerak eta, azkenik, kirol jarduera eta ikuskizunak.

Dirulaguntza jaso ahal izateko jarduerek bete beharreko baldintzak lau dira: herritar guztiengana zabalik egotea, hau da, bazterkeriarik ez eragitea sexua, arraza, hizkuntza, ideologia, baldintza sozioekonomikoak eta abar direla eta; hezkuntzaren edota gizarte, kirol eta kulturaren aldetik interesgarriak izatea; herritarren harremanak eta elkarbizitza, hautapen librea eta garapen pertsonala sustatzea eta udalaren beste laguntza lerro batean sarturik ez egotea. Lakuntzako Udalaren deialdira eskaerak aurkeztu nahi dituzten entitateek garagartzaroaren 3ra arteko epea dute horretarako.