Automobilismoa

Izpegiko Igoera, Sakanara

Guaixe 2022ko mai. 16a, 09:45

Garikoitz Floresek Izpegi Igoera irabazi zuen Ordokirekin lehia estua izan eta gero

Maiatzaren 8an autozaleak Izpegiko arranpatan bildu ziren, IV. Izpegi Igoera egon baitzen jokoan. Proban parte hartu zuten 41 pilotuetatik 35ek lortu zuten igoera despeditzea.

Sakana Motorsport eskuderiako Garikoitz Flores Aristorenak (Talex M3) eta Arkaitz Ordoki Gamezek (Silver Car S3) lehia oso estua izan zuten. Lehen entrenamendu libretan Floresek egin zuen denborarik onena, entrenamendu ofizialetan Ordokik, baina igoerako bi mangatan Flores gailendu zen eta lakuntzarrak lortu zuen garaipena, azken mangan egindako denborari esker (3:13.905). Ordokiri ia bi segundo atera zizkion (3:15.648). 

Sakana Motorsporteko Iker Palacios Andueza lakuntzarra (BRC B52) lehen mangan egin zuen bere denborarik onena (3:30.003), eta sailkapen absolutuan bosgarren izan zen. Tamalez, Iñigo Zelaia Anso bakaikuarrak (Speed Car GT 1000) ezin izan zuen proba bukatu. Matxura izan zuen eta bigarren mangan ez zuen irteeran egoterik izan. 

Asteburuan hitzordu garrantzitsua izan zuen Garikoitz Floresek, Espainiako Mendi Igoeren Txapelketarako baliagarria den 50. Fito Nazioarteko Igoeran parte hartu baitzuen, Asturiasen.