Kultura aniztasunaren nazioarteko eguna ospatuko da larunbatean. Data hori baliatuko du Lakuntzako Udalak herritar berriei erakunde harrera egiteko. Udaletxera joaten diren lakuntzar berriei Patxi Xabier Sagastibeltza Razkin alkateak, Rita Torrico Muniz zinegotziak eta Txingurriye taldeko ordezkari batek eginen diete harrera. Haiekin batera egonen dira Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko Begoña Zestau Baraibar eta erakunde bereko Euskara Zerbitzuko Izaskun Errazkin Beltza.
Erakundeetako ordezkariek lakuntzar berriei herrira ongi etorriak direla esateko baliatuko dute. Harrera hori eginez, udala eta zerbitzuak herritarrei hurbildu nahi zaie, baina herritarrak udalera ere hurbiltzeko modua izan nahi du. Herrian eskura zein zerbitzu dituzten azalduko diete. Gainera, Mank-eko zerbitzuek beraien egitekoen berri emanen diete lakuntzar berriei. Aldi berean, gurean euskara ere badela azalduko diete. Azken finean, lakuntzar berriei herriaren parte direla sentiarazi nahi diete harrera ekitaldiarekin. Joaten direnek erakundeetako ordezkarien eskutik ongi etorri euskarriak jasoko dituzte.
Egun seinalatua denez larunbatekoa, ongi etorria dozena bat hizkuntzetan adierazten duen lona erraldoia egonen da zintzilik Lakuntzako udaletxeko fatxadako balkoitik, hainbat hizkuntzei keinu egin eta ongi etorria ere emanez. Larunbatean udaletxera joaten direnek hitza hartu eta beraien bizipenak, proposamenak, kezkak, ideiak… kontatzeko aukera izanen dute. Erakunde harrerak kalean, herritarren artean, izanen du segida.