Astekaria

"Matematika irakaslea izan nahi dut"

Maider Betelu Ganboa 2022ko mai. 23a, 14:00

Laida Garziandia Pazos, Lakuntzako herri eskolako atean.

Laida Garziandia Pazos lakuntzarrak eta Etor Lizarraga Viguera leitzarrak Nafarroako Matematika Olinpiadak irabazi dituzte. 

Ekainaren 24tik 27ra jokatuko dituzten Espainiako Olinpiadak prestatzen ari dira.

1. Noiztik duzu gustuko matematika?
Lakuntzako herri eskolan biderketak eta bestelako eragiketak ikasten hasi ginenetik oso gustuko dut matematika. Altsasu Nafarroako Bigarren Hezkuntzako Institutura iritsi nintzenean berehala jabetu ziren horretaz, eta ordutik Matematika Olinpiadetarako prestatzen aritu naiz. 

2. Ba al zenekien Tornamira Matematika Irakasleen Nafarroako Elkarteak Nafarroako Matematika Olinpiadak antolatzen zituela?
Ez nekien, baina joan zen urtean Altsasu Institutuan hasi eta gutxira, nire matematika irakaslea hurbildu zitzaidan Matematika Olinpiadak zeudela eta ea parte hartu nahi nuen galdetzera. Eta ez nuen zalantzarik izan, berehala animatu nintzen. Matematika gustuko dut eta nik handitan, ahal badut, matematika irakasle izan nahi dut. 

3. Nola prestatu zenituen Matematika Olinpiadak?
Irakasleak ariketa batzuk eman zizkidan, joan zen urteko Olinpiadetako ariketak, eta ariketa horiek eta bestelako batzuk egiten aritu naiz. Horrela ikasten da, ariketak eginez. 

4. Olinpiadakoak klasean egiten dituzuenaren antzeko ariketak ziren ala zailtasun gehiago zuten?
Klasean lantzen dugunarekin ez zuten zerikusirik. Bestelako problemak ziren, zailagoak, baina ez ziren supergaitu edo talentu handiko pertsonendako. Hau da, gure adinekoak problema horiek egiteko gai gara. 

5. DBH-ko bigarren mailako 164 ikasle nafarrek hartu zenuten parte, 56 ikastetxetakoak, 82 bikote guztira, Sarrigurenen, Salestarren institutuan. Nola osatu zituzten bikoteak?
Altsasu Institututik hiru ikasle joan ginen: Adei Mendinueta eta Eunate Liaño arbizuarrak eta hirurok. Euskarazko adarretik 30 bikote ginen, eta zozketa bidez bikoteka banatu gintuzten. Niri Etor Lizarraga Viguera leitzarrarekin bikotea osatzea tokatu zitzaidan. Oso jatorra zen, eta biok gustura egon ginen lanean, oso ongi moldatu ginen.  

6. Nolako problemak ziren?
Bi orduko azterketa zen, eta guztira sei problema ziren. Adibide bat jartzearren, bigarren probleman distantzia bat zegoen, X, hau da, ez genekiena, eta abiadura jakin batean 12 minututan egiten zen distantzia hori. Distantzia bera abiadura hori gehi haren herenean eginez, zenbat denboran egiten zen kalkulatu behar genuen. Halako problemak ziren. 

7. Bien artean ideiak adostu beharko zenituzten.
Bietako bati zerbait bururatzen bazitzaion, besteari esan eta bion artean adosten genuen. Oso ongi moldatu ginen. Problemetan zailena, problema ongi aztertzea eta datuak ongi jartzea da. Hau da, problema nola egin jakitea. Hori erabakita, problema egitea erraza da.  

8. Ariketaren bat trabatu al zitzaizuen?
Bigarrena egitea kosta egin zitzaigun, hain zuzen lehen adibide gisa aipatu dudana, abiadurarena. Ez genekien datuak nola jarri, eta bukaerarako utzi genuen. Azkeneko ariketan kupula antzeko irudi batzuen azalera neurtu behar genuen, eta neurketak egiteko tresnak hartzeko tarteka itxaron behar genuen. Dena den, bi orduko epea nahikoa zen probak egin ahal izateko. 

9. Irabaztea espero al zenuten?
Ez. Proba bukatutakoan amari esan nion proba ongi egin nuela, baina besterik gabe. Ordu batean azterketak zuzendu zituzten, eta bukaeran gure izena esan zutenean, txundituta geratu nintzen, ezin nuen sinetsi. Soilik lehendabiziko hiru sailkatuen izena-abizenak aipatu zituzten, baina azterketak ez zituzten erakutsi. Pentsatzekoa da proba guztiak ongi egingo genituela irabazi ahal izateko, baina ez dakigu. Dena den, oso pozik nago.

10. Zer jaso zenuten opari?
Parte hartzeagatik guztioi diploma, konpasa, giltzak jartzeko soka eta boligrafo batzuk eman zizkiguten, eta irabazteagatik kalkulagailu bat, erloju berezi bat, orduak eragiketekin ematen dituena, eta Espainiako Matematika Olinpiadetara joateko aukera. Ekainaren 24tik 27ra izanen dira, Cuencan edo Albaceten, oraindik ez dakigu. Dagoeneko Espainiako Txapelketa prestatzeko materiala eman didate, Espainia eta Ingalaterrako Olinpiadetan aurretik egindako ariketak, eta praktikatzen hasi naiz. Ilusio handia dut, baina ardura ere bada. Nafarroatik soilik gu goaz Espainiakora, eta beraz... kezka hori. Uste dut Espainiako Olinpiadak zailagoak izango direla, baina saiatuko gara. 

11. Etxekoek, lagunek, irakasleek... zer diote?
Guztiak oso pozik daude, inork ez zuelako espero. Horrenbeste jenderen artean Olinpiadak irabaztea... oso kontentu nago. Gurasoak irakasleak ditut, aita ingeles irakaslea eta ama andereñoa, eta datorren urtean, ikasgaiak aukeratzeko unean ez dut zalantzarik izango: zientziak aukeratuko ditut. 

Erlazionatuak