Harrera beroa egin zieten lakuntzar berriei

Guaixe 2022ko mai. 25a, 10:30

Euskararen eta haren ezagutzaren garrantziaren berri eman zieten lakuntzar berriei. Anitzartean zerbitzuaren eta Txingurriye taldearen egitekoak azaldu zizkieten. Eskolak emateko boluntarioak Txingurriyen ongi etorriak izanen direla nabarmendu zuten.

Kultura aniztasunaren nazioarteko eguna zen larunbata, eta hori baliatu zuten Lakuntzako Udalak eta Sakanako Mankomunitateko Anitzartean eta Euskara zerbitzuek lakuntzar berriei harrera egiteko. Plazan egindako ekitaldian, Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza alkatea eta Rita Torrico Muniz zinegotziak udalaren izenean ongi etorria eman zieten. Torricok herrian bi hizkuntza hitz egiten direla azaldu zien: "bazter guztietan dago gaztelania da eta ikasten erraza da. Euskara ez. Niretako euskara ikastea ona izan zen, batez ere, seme-alabei etxerako lanekin laguntzeko. Euskara jakiteak ere egunerokoan asko laguntzen dit". Lakuntzar berriei azpimarratu zien haien seme-alabek euskara ikastea "oso garrantzitsua" dela, "haiendako oso onuragarria da". 

Izaskun Errazkin Beltza euskara teknikariak lakuntzar berriei azaldu zien bi hizkuntza daudela, baina euskarak urtetan ez duela agintarien laguntzarik eta prestigiorik izan eta, horregatik, Mank-ek Euskara Zerbitzua duela, hizkuntza sustatzeko. Errazkinek euskarara hurbiltzeko migranteendako doako harrera ikastaroen eta euskara ikasteko dauden dirulaguntzaren berri eman zien. "Euskara aukeren hizkuntza, ate asko irekitzen" dituela nabarmendu zuen eta haien seme-alabek ezagutzearen garrantzia azpimarratu zuen. Lakuntzar guztiei gogorarazi zien euskara "ikastetxean eta etxean ikasten dela, baina kalean erabiliz indartu egiten da. Zuen artean eta lakuntzar berriekin erabiliz gero, guztion euskara indartuko da". Lakuntzar berriei euskara ikasteko eta erabiltzeko gonbidapena egin zien. 

Begoña Zestau Baraibar kulturartekotasun teknikariak zerbitzuaren egitekoa zein den azaldu zuen: "hainbat jatorritako pertsonen topaketa sustatzeko jarduerak egiten ditugu, elkar ezagutuz elkarbizitza positiborako pausoak emateko". Herritarrek egindako proposamenak landuz egiten dute hori. Integrazioaren alde 2009tik lanean ari da Txingurriye taldea. "Kulturak trukatu, elkar laguntzen dugun pertsonak gara, eta herriko taldeetan integratzeko asko laguntzen du". Migratutakoen seme-alabei ikasketekin lagundu eta helduei gaztelania erakusten diete hiru boluntariok. "Eskolatze egoki batek integrazio ona dakar", nabarmendu dute. Horretan lagundu nahiko luketenak ongi etorriak liratekeela gaineratu zuten Mari Jose Imirizalduk eta Ane Miren Iruretagoienak. Kulturarteko topaketa horien bitartez produktuak sortu eta igandeko azokan salgai jarri zituzten. Lortutako diruarekin jarduerak edo bidaiak egiten dituzte. "Txangoak asko estimatzen dituzte", azaldu dute.  

Erlazionatuak