Futbola

Lagun Arteak liderraren kontra galduz agurtu du Lehen Maila Autonomikoa

Guaixe 2022ko eka. 6a, 10:38

Lehen Maila Autonomikoa. Bigarren fasea, jaitsiera multzoa. 22. jardunaldia: Zarramonza 2 – Lagun Artea 1

Despeditu da Lehen Maila Autonomikoa. Larunbatean Lagun Arteak Zarramonza liderraren kontra jokatu zuen Arronitzen. Haizea izan zen partidaren protagonista. Haizea alde zuenak dominatu zuen: lehen zatian Zarramonzak, eta bigarren zatian Lagun Arteak. 

Lehen zatian liderra izan zen nagusi eta bi gol sartu zituen. Bigarren zatian Lagun Arteak ederki estutu zuen Zarramonza, eta Ansorenak 54. minutuan sartutako golari esker partidan sartu ziren lakuntzarrak, baina, tamalez, ezin izan zioten partidari buelta eman. 

Maila galdu du
Zarramonza izan da bigarren faseko jaitsiera multzoko lider (62 puntu) eta Lehen Maila Autonomikoan jarraituko du. Aldiz, bederatzi taldek maila galduko dute, zazpigarren postutik hamabosgarren postura bitarteko talde guztiek. Tartean dago Lakuntzako Lagun Artea, hamaikagarren postuan (40 puntu). Datorren denboraldian Preferente mailan jokatuko dute lakuntzarrek, kategoria mantendu duen Etxarri Aranatzekin eta mailaz igo den Altsasurekin batera.