Astekaria

Mikel Zabalegi eta Ainara Urrutia azkarrenak Lakuntza-Aralar mendi lasterketan

Maider Betelu Ganboa 2022ko eka. 20a, 10:00

Lakuntza-Aralar mendi lasterketako podiuma.

Lehen sakandarrak Javi Gasanz altsasuarra, gizonezkoetan bigarren, eta Marina Zabala lakuntzarra, emakumezkoetan hirugarren, izan ziren

Lakuntza-Aralar mendi lasterketa hasteko ordu erdi bat lehenago ekaitza hasi, eta azken tintinak erortzen zirela ekin zioten probari izena emana zeuden 150 korrikalariek. Ordu laurdenera atera ziren ibilbide bera oinez egin zuten martxistak. Aurten Zabalarte elkarteak ibilbide laburreko ibilaldia prestatu zuen bakarrik, "2021. urtea bukatu baino lehen federazioan zer nolako lasterketa antolatuko genuen esan beharra zegoelako, eta pandemia puri-purian zegoenez, soilik proba laburra egitea erabaki genuen, horrenbeste jende ez biltzeko" azaldu du Zabalarteko Iñaki Arkauzek.

Lakuntzatik abiatuta, Guardetxera (1.035 m) eta Larluzgainera (1.103 m) igo eta Etxaaltxetatik (909 m) eta Arangundik Lakuntzara jaistea zen erronka (13,3 km). "Lurra gogorra zegoen, baina harriak bustita, irristakor. Aurrea hartu dut eta lehena igo naiz. Banekien bigarrena minutu ingurura nuela, eta, horregatik jaitsieran ez dut gehiegi arriskatu behar izan. Lehen aldiz aritu naiz hemen, Beñat Katarainek esan zidan polita zela, niretako aproposa, eta hala izan da. Ibilbidea asko gustatu zait, oso polita da, indartsu sentitu naiz eta oso gustura" azaldu zuen 28 urteko Mikel Zabalegi irabazle ordiziarrak, helmugara bakarrik heldu eta gero (1:01:17). Jabi Gasanz altsasuarrari minutu bat atera zion (1:02:39) eta hirugarren Yelko Pardiñas Garcia (1:04:17) iruindarra izan zen. 

Emakumezkoetan Aretxabaletako Ainara Urrutia alde handiz gailendu zen (1:09:18). "Lehen aldiz aritu naiz hemen, ingurune hau ez nuen ezagutzen eta proba ederra iruditu zait. Jaitsieran adi ibili beharra zegoen, baina jendeak animatzen zuen eta giro oso polita egon da" aitortu zuen bi aste barru Trikutrailen parte hartuko duen beteranoak. Urrutiak lau minutu atera zizkion Olatz Zabala irundarrari (1:02:39) eta hirugarren Marina Zabala Sukia lakuntzarra izan zen (1:17:22).

Sari gozoak
Podiumera igo zirenek Txindoki gozotegian egindako tarta gozoak jaso zituzten opari, Zabalarteren logo txokolateduna zutena. Lehendabiziko hiru sailkatuez gain, sariak izan ziren lehen bi sakandarrendako –Gasanz eta Zabala–, lehen bi lakuntzarrendako –Asier Garziandia eta Zabala– eta lehen bi beteranoendako –Ainara Urrutia eta David Martinez–. Azkenak, Amaia Venturak, oparia jaso zuen baita ere. Sari ematea baino lehen ANFAS-en aldeko lasterketa solidarioa egin zuten txikiek. 

Lehen sakandarrak
Jabi Gasanz Barragan
2019an Lakuntza-Aralar ibilaldi laburrean hirugarren izan zen eta aurten bigarren, "baina asko hobetu dut. Uste dut 7-8 minututan jaitsi dudala denbora" dio. Igoeran indarrak gorde zituen, "banekielako jaitsieran asko irabazi nezakeela, baina agian indar gehiegi gorde ditut. Edonola ere, eroso ibili naiz, kilometro guztiak gozatzen, eta oso gustura, ibilbidea zoragarria dagoelako. Aralar oso polita da". Igandean Camille Extremen eta bi aste barru Triku Trailean ariko da. 

Marina Zabala Sukia
Lehenengoz aritu zen herriko proban, "baina entrenatzen bertan ibiltzen naiz eta oso ongi ezagutzen dut. Harriak bustita zeuden, baina tenperatura freskoa zen, primerakoa, eta aurreikusitako denbora egin dut, gustura. Oso pozik nago" aitortu du. Berriki Zegama-Aizkorri Bertikalean parte hartu zuen "beste esperientzia bat". Goierri Garaia taldearekin hasi da eta pixkanaka hobetzea da erronka, "hau luzea delako". Hamabost egun barru Trikutrailean ariko da. 


Sakandarrak Lakuntza-Aralar mendi lasterketan (13,3 km)
Gizonak
1.Mikel Zabalegi (Ordizia) 1:01:17
2.Jabi Gasanz 1:02:39
14.Jabier Borrega 1:09:08
19.Igor Artieda 1:10:52
20.Ander Galarza 1:11:04
22.Asier Palacios 1:11:11
23.Aimar Araña 1:11:14
26.Jose Javier Beregaña 1:12:37
28.Asier Garziandia 1:13:05
31.Ioseba Iza 1:13:41
41.Asier Estarriaga 1:15:56
45.Ion Igoa 1:17:32
54.Eneko Garasa 1:19:27
56.Jorge Vitoria 1:19:31
57.Bernardo Garziandia 1:19:33
60.Ander Rosado 1:19:41
78.Raul Moro 1:23:32
80.Oihan Artieda 1:24:17
126.Imanol Apaolaza 1:45:21

Emakumeak
15.Ainara Urrutia 1.09:18
43.Marina Zabala 1:17:22
50.Maite Beregaña 1:18:48
72.Eneritz Karasatorre 1:22:24
79.Maria Risco 1:24:08
86.Itziar Retegi 1:26:43
94.Sonia Alonso 1:28:50