Txirrindularitza

Paula Ostiz eta Laia Puigdefabregas, azkarrenak Lakuntzan

Guaixe 2022ko eka. 28a, 11:55

Larunbatean IV. Emakumeen Lakuntza Txirrindula Lasterketa jokatu zen

Larunbatean Lakuntza emakumezkoen txirrindularitza bilgune izan zen. Aralar Txirrindulari Taldeak IV. Emakumeen Lakuntza Txirrindula Lasterketa antolatu zuen, kadeteen eta juniorren mailako proba, eta erakustaldi ederra eman zuten txirrindulariek. 

Kadeteak goiztiarrenak izan ziren. 42 km-ko lasterketa egiteko 15:00etan abiatu ziren Lakuntzako plazatik. Tartean Lizarragako portua behin igo beharra zuten. Tamalez, antolakuntzak lasterketa neutralizatu behar izan zuen txirrindulari batek osasun arazo bat izan eta anbulantzian eraman behar izan zutelako. Medikua bueltatu beharrean, proba neutralizatu zuten. Azkenean, lasterketari ekin zitzaion eta ez zen sorpresarik egon, Paula Ostizek (Lacturale Ermitagaña) irabazi baitzuen (1:20:18), Irati Arangurenen (Andoain eskola) aurretik. Guztira 43 txirrindulari sailkatu ziren, talde onena Lacturale Ermitagaña izan zen eta tarteko helmugen saria Candela Noavalek (Viella) irabazi zuen. 

Sei sakandar
Kadeteen lasterketan sei txirrindulari sakandarrek hartu zuten parte. Leire Urtasun lakuntzarra (Lacturale Ermitagaña), hain zuzen ere Nafarroako erlojupeko txapelduna, hamahirugarren sailkatu zen, Ane Beltran de Heredia altsasuarra (Zaaf Cycling Team de Navarra) hamalaugarrena, Ane Berastegi arbizuarra (Zaaf Cycling Team de Navarra) hamaseigarrena, June Etxeberria urdiaindarra (Lacturale Ermitagaña) 24., Siets Goikoetxea (Zaaf Cycling Team de Navarra) 27. eta Bakarne Arregi (Lacturale Ermitagaña) 33. 

Juniorrak 17:00etan abiatu ziren 61 km osatzeko. Lizarragako portua bitan osatu behar izan zuten. Lasterketa mugituan, azkenean Laia Puigdefabregas (Lacturale Ermitagaña) eta Heidi Gaugain (Urt Velo 64) batera iritsi ziren helmugara, eta esprint estuan Puigdefabregas gailendu zen (1:40:39). Hirugarren Ana Ginestar (Hyundai) izan zen. 35 txirrindulari sailkatu ziren lasterketan, mendiko saria Heidi Gaugainek irabazi zuen, tarteko helmugen saria Saioa Organbidek eta talde onena Arabarrak izan zen.