Lakuntzan kuadrilla gehienak plazan, parkean, Pikotan, Beheko Basoko lehendabiziko langako basoan… eta halakoetan hasten dira biltzen. Oihan Soto Satrustegiren kuadrillakoak, Bihurriak, aldiz, ez. Larraina kalean, Juanesena etxeko estalpean edo pelenan hasi ziren biltzen, “txiki-txikitatik. Ni herriko punta batean bizi naiz, besteak bestean, eta orduan esan genuen: erdiko punturen batean bilduko gara. Andoni Egurza, gure kuadrillakoa, justu Juanesena atzealdean bizi da, eta orduan Larraina kaleko plazatxoan eta bere etxeko pelenan jarri genuen hitzordua. Uda osoak hor, eta baita udazkenak eta neguak ere. Beroa egiten zuenean estalpean sartu, eta fresko egoten ginen, eta euria egiten zuenean hor gordetzen ginen. Gure txokoa bihurtu zen” dio Oihan Sotok.
Lakuntzan hiru pelena daude: Angelena etxekoa, Motxale etxekoa eta Juanesenakoa. Toki bereziak direla ezin daiteke uka, deigarriak. “Portiko edo tunel bat bezalakoa da pelena, bi etxe batzen dituen pasabidea, teilatuduna. Juanesenakoak bankua du, eta hor esertzen ginen” gaineratu du.
Kantu eta dantza
Oihan Sotok, irakasle ikasketak egin eta gero, gorputz hezkuntza aipamena bukatu du aurten. Beraz, gorputz heziketako irakaslea da, baina, aldi berean, kantatzea da bere zaletasuna, eta Youtubera eta sare sozialetara zenbait kanta igo ditu, Spotifyn-ere entzungai daudenak Oihan S. bilatuz gero. “Zaindu zure burua”, “ZU” eta “Hoy recordé” dira entzungai daudenak, zenbait kanturen coverrekin batera. “Betidanik gustuko izan dut abestea eta dantzatzea, baina etxean egiten nuen, bakarrik nengoenean. Horretaz gain, idaztea oso gustuko dut. Libreta bat dut, letrekin; abesti asko ditut jasoak, eta behin grabatzea erabaki nuen. Besterik gabe. Gustatzen zitzaizkidanez, bideoak eta abestiak igotzea erabaki nuen, bakarrik nire lagunei esanez. Beraiek kanta horiek publiko egitera animatu ninduten. Jendeak esan dit oso ausarta naizela, asko ez liratekeela animatuko, eta gustatu zaiela. Eta ni poztu naiz” kontatu du.
"Festetako play-back txapelketarako estalpean aritzen ginen entseatzen, topera"
Juanesenako txoko horretan ere makina bat kantu eta dantza egin ditu kuadrillarekin. “Festetan play-back txapelketa egiten zen eta hor aritzen ginen entseatzen, topera (kar, kar…). Beti abesten eta dantzatzen ibiltzen gara” dio.
Juanesena etxeko Lorea Egurza, eta pelenaren bestaldean bizi den Peio Egurza bere anaia ohituta zeuden gazteak euren etxe azpian ikusten. “Egunero egoten ginenez esaten ziguten: Zer zabiltzate, arratsalde pasa? Zer moduz kuadrilla? Eta halakoak. “Zuen etxea dela dirudi” beste batean. Egunero zerbait, baina arazorik gabe, oso ongi”.
Oihanek ez du bi etxeen arteko pasabide hori barrutik ezagutzen. “Ni ez naiz egon, baina nire kuadrillako batzuk bai, eta uste dut korridore bat bezalakoa dela, etxe batetik bestera pasatzen dena, bi alboetan ateak dituela, bi etxeetara sartzeko”.
Oraindik bilgune
Oraindik ere, tarteka, Juanesenako pelenan biltzen da kuadrilla. “Poteatzeko plazan jartzen dugu hitzordua, baina paseatzera joateko edo bestelakoetarako pelenan biltzen jarraitzen dugu”. Bere kadrillarendako txoko berezia da, baina, aldi berean, Oihan Sotok oso argi du berarendako Lakuntzako txokorik politena dela. “Juanesenako estalpea niretako txokorik politena da, zalantzarik gabe” berresten du, eta Lakuntzara hurbiltzen direnak bertatik pasatzera gonbidatzen ditu.