Txirrindularitza

Puritoren taldea nagusi Lakuntzan

Guaixe 2022ko abu. 31a, 10:08

Lakuntza Sariko bukaerako podiuma.

Adria Pericasek irabazi zuen asteartean jokatutako kadeteen II. Lakuntzako Sari Nagusia. Iker Gomez (Quesos Albeniz) podiumean sailkatzear egon zen

Asteartean jokatu zen Aralar Txirrindularitza Taldeak antolatutako kadeteen mailako II. Lakuntzako Sari Nagusia. Aipatzekoa da Purito Taldesan Nuria taldea izan zela 55 kilometroko lasterketa goitik behera kontrolatu zuena. Puritoren taldeak lehen hiru postuak lortu zituen, Adria Pericas buru zela, eta probako talderik onenaren saria eta mendiko saria eskuratu zituen. 

Lasterketa, berez, azkarra eta mugitua izan zen. Azkenean, Purito taldeko Adria Pericasek erasoa jo zuen, eta bakarrik iritsi zen helmugara (1:21:50). Minutu bat eta 14  segundora bere taldekide Marc Zafra helmugaratu zen, eta minutu bat eta 47 segundora hirukote bat. Esprintean Purito taldeko Roger Pareta nagusitu zitzaion Burunda-Quesos Albenizko Iker Gomezi, altsasuarraren podiuma eragotziz. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Ekain Imaz (Quesos Albeniz) 13. sailkatu zen, Iker Begiristain (Quesos Albeniz) 28., Oihan Gorriti 43. (Sakana Group), Ekaitz Perez (Quesos Albeniz) 47. eta Hegoi Garcia (Quesos Albeniz) 56. Emakumezkoetan Lacturale Ermitagañako Paula Ostiz izan zen parte hartzaile bakarra eta sailkapen orokorrean 40. postuan sartu zen. Tartekako helmugen saria Aranako taldeko Oier Sanchezek irabazi zuen, eta mendiko saria Purito taldeko Roger Paretak.