Astekaria

"Denborak ez esateko eskatu nien, eta hobeki aritu nintzen"

Maider Betelu Ganboa 2022ko urr. 18a, 14:30

Iker Palacios, bigarren manga hasi baino lehen, autoa doitzen.

Iker Palacios Andueza pilotu lakuntzarra laugarren sailkatu zen 40. Urbasako Igoeran, postu bikaina. Etxeko proban lasterketa ona egin izanak poztu du gehien

Iker Palacios Andueza pilotu lakuntzarra mekanikaria ere bada eta Elketz tailerra du Arbizun. Txikitatik da motorzalea. "Tomas Ekert kuadrillakoa eta biok gaztetatik Urbasako Igoerara joaten ginen, eta baita beste lasterketetara ere. Lasterketekin amets egiten genuen, bertan aritzeko eguna iritsi zenera arte" dio pilotuak. 40. Urbasako Igoeran laugarren sailkatu zen (3:19.020), lorpen handia. 

Noiz hasi zinen lasterketetan?
Uste dut 2015 urtean izan zela. Peugeot 205 GTI-a erosi eta Urbasako Igoerarako prestatu genuen. Desastre hutsa izan zen. Lehendabiziko mangan enbragea apurtu zen eta hortik aurrera ezin izan genuen fundamentuzko ezer egin. Autoak ez zuen konpontzea merezi, eta Tomasekin hitz egin ondoren CM autoekin probatzea erabaki genuen. Eta, egia esan, oso ongi. Egun dudan autoa (BCR B52) CM autoa da, eta joan zen urteko Urbasako igoeran mustu genuen. Hasierakoak 1.000 motorrekoak ziren, eta egungoak 1.340 motorra du.

Halako autoek mekanikari gehiago behar dituzte atzean? 
Lan tekniko gehiago eskatzen dute. Autoa gehiago findu behar da, doikuntza asko egin behar dira. Auto hauek abiadura handia dute, oso urduriak dira eta zure gustura jarri behar duzu, zure gidatzeko moldera, halako ibilgailu batek ez baititu akatsak onartzen. Pasatzen zarenean, eta hau esperientziaz diotsut, garesti ordaintzen duzu.

Pluralean hitz egiten duzu. 
Mundu honetan lagunduko dizun lantaldea behar duzulako eta erabakiak askotan guztion artean hartzen ditugulako. Tomas Ekert mekanikaria, Javier Aldai BRC autoen mekanikaria eta Migel Angel Lizarraga etortzen dira gehienetan nirekin lasterketetara. Aldai teknikari itzela da. Bilbotarra, Javi Villa pilotuari asistentzia egiten dio ere. Lasterketak oso ongi irakurtzen, ulertzen eta prestatzen ditu, eta laguntza handia da. Batzuetan Mikel anaia, Patxi Xabier Razkin laguna eta beste hainbat ere etortzen dira. Hasieran lasterketa batera joatea festa batera joatea bezalakoa zen guretako, baina orain serioago aritzen gara, lasterketan zentratuta.

"Denboraren presiorik gabe, askeago gidatu nuen. Gainera, autoa ikusgarri zihoan"

Nola prestatu zenuen Urbasako Igoera?
Hau bizikletan ibiltzea bezalakoa da. Asko entrenatu eta ibiltzen denak fondoa egiten du eta erritmoa, martxa eta abiadura hartzen du. Eta ez bada ibiltzen, ez du erritmorik. Argi eta garbi. Lana dela eta, ez dut entrenatzeko nahikoa denborarik, eta horregatik beti erritmo falta nabaritzen zaigu. Igoerako aurreko astean autoa zirkuituan probatu genuen. Auto honek buruko min asko eman dizkigu, doikuntzak direla eta. Ez genuen behar bezala egokitzen, baina zirkuituan maila onean jartzea lortu genuen. Autoa primeran zihoan eta gidatzea zoramenhutsa zen. Nire gustura zegoen, gidatzeko sekulako konfiantza ematen zidan eta gustura geratu nintzen. 

Harritzekoa bada ere, aurten lehen aldiz zure lantaldeari esan zenion Urbasako Igoeran ez zenuela denbora erreferentziarik jakin nahi.

Manga bakoitzean denborak dakizkizunean lana ongi egiten ari bazara ongi egon daiteke, baina hala ere urduritzen zara, gainontzeko pilotuek euren denborak hobetu ahal dituztelako. Hori ere presioa da. Eta gaizki ari bazara, ba zer esanik ez. Aurten erabaki nuen ez nuela denborarik jakin nahi, presiorik gabe askeago gidatuko nuela, disfrutatuz, eta nire lanean zentratuko nintzela. Asistentziara heltzerakoan taldekideen aurpegiak ikusterakoan konturatzen nintzen ez nenbilela gaizki. Gainera, autoa ikusgarri zihoan, asko ibiltzen zen, gozamen hutsa. Lasterketa bukatu eta asistentziara jaitsi arte ez nuen egindako denbora jakin. 

Urbasa 3:19.020an igo zenuen, laugarren postuan.
Oso pozik nago, CM mailan Iparraldeko pilotu guztien aurretik sailkatu bainintzen. Bizitza guztirako postu horrekin geratuko bagina ere, etxean lasterketa ona egin izana guretako hori asko da. Lehen sakandarraren saria jaso nuen, eskertuta. 

Joseba Iraolarena ikusgarria izan zen: 2:57.862, eta errekorra.
Iraola beste liga batean dago. Bere autoak 400-500 zaldi inguru izango ditu eta gureak 200-230 zaldiren artean daude. Horrekin guztia esaten dizut. Barcelonak eta Lagun Arteak futbolean jokatuko balute bezala da. Aurten Europako Txapelketetako zenbait probatan aritu da eta nabaritzen zaio, erritmo gehiago hartu du. 

"Urbasan sekulako jendetza zegoen, harrigarria zen. Bukaeran Nafarroa Oinez zirudien"

Zein da zure lasterketa gustukoena?
Etxekoa, Urbasako Igoera, zalantzarik gabe. Eta gero Izpegi eta Ibardin. Urdurien jartzen nauen proba da Urbasakoa, baina bereziena. Aurten sekulako jendetza zegoen, harrigarria zen. Lasterketa bukatzerakoan zenbat eta zenbat jende atera zen errepidera, Nafarroa Oinez zirudien. Nire ustez, Urbasako Igoera da jende gehien biltzen duen eta giro ederrena duen proba. Gainera, ez zen arazorik egon eta motorzaleek ere ongi pasatu zuten eta ongi portatu ziren, Urbasa garbi utzi baizuten. Antolakuntzakoek azkar bildu omen zuten guztia, eta poztekoa da.

Zein da zure hurrengo helburua?
Ez dakit aurten beste probaren batean ariko ote naizen. Datorren urterako autoa hobeto prestatzea eta 2023an Nafarroako eta Euskadiko egutegietako probetan aritzeaz gain agian Kantabria aldera ateratzea ari gara aztertzen. Ibili eta erritmoa hartu. Baina hori aurrekontuak baldintzatuko du. Babesletzaren bat eskertuko genuke (kar, kar).