Hiru urteren ondoren, bazkideak bilduko dira

Guaixe 2022ko urr. 26a, 12:12

BaraƱaingo abesbatzak Gure Nahia elkartearen bazkidearen egunari hasiera emanen dio. UTZITAKOA

Lakuntzako Gure Nahia jubilatuen elkartean bazkidearen eguna ospatuko du urriaren 29an, larunbata. 

Pandemiagatik 2019an ospatu zuten azken Bazkidearen eguna Gure Nahia Lakuntzako elkartean, horregatik aurtengoa berezia izanen da. Eguna 13:00etan hasiko dute, Barañaingo abesbatzaren kontzertuarekin.

Bazkideak bazkaltzera 14:30ean elkartuko dira. Guztira 118 pertsonek eman dute izena. Majo bazkaldu ondoren, azken hiru urtetan urrezko eta diamantezko ezteiak egin dituztenei aipamena eginen diete. 50 urte ezkonduta egin dituzten hamar bikotek jasoko dute aitortza eta beste bik 60 urte edo gehiago ezkonduta daudelako. Segituan udaberriko mahai joko txapelketako sari banaketa eginen da. Eta ospakizuna behar bezala borobiltzeko Ricardo Aretak dantzarako doinuak jarriko ditu. 

Elkarteko arduradun Sokorro Artiedak azaldu duenez, ″bazkide eguneko deialdia ilusioz hartu dute, jendeak zerbait ospatzea behar zuen″. Azaldu duenez, Gure Nahia elkarteak 224 bazkide ditu, ″eta jende berria sartu da″ jakinarazi du Artiedak. Bakarren batek bazkidetu nahiko balu elkartetik pasatzea besterik ez du. Elkartearen jardunari dagokionez, orain arteko jardueratan 105 pertsonak parte hartu dutela gaztigatu du Artiedak. Kopurua handitu eginen da, izan ere, gaur egun pilates, gimnasia eta zahartze aktiboa ikastaroak dituzte, azken horretan 17 pertsona daude izena emanda. Bestalde, udazkeneko mahai joko txapelketak martxan dira. Partxisean 10 bikote ari dira neurtzen, briskan sei eta musean hamalau. Azken txapelketa hori ilbeltzean despedituko da, gainontzekoak aurten. 

Azkenik, bidaiak ere antolatzen dituzte. ″Azaroan Bordelera egun pasa joanen gara, eguberritako merkatua ikustera. Eta ikasturteko bidaia handia maiatzean eginen dugu, Herbeheretara joanen gara. Dagoeneko 40 pertsonek eman dute izena″. 

Gure Nahia elkartearen bazkidearen eguneko egitaraua

  • 13:00 Barañaingo abesbatzaren kontzertua, elizan. 
  • 14:30 Bazkaria, elkartean. 
    Ondoren, azken hiru urtetan urrezkoe ta diamantezko ezteiak egin dituztenei aipamena. 
    Udaberriko mahai joko txapelketako sari banaketa. 
  • Arratsaldean, dantzaldia Rikardorekin.