1. Jane Goodall España Institutuko Raices y Brotes ekimenak antolatutako “Movilízate por la selva” kanpainan parte hartzen ari zarete Lakuntzako Tasubinsan.
Kanpainaren helburua ahalik eta telefono mugikor gehien biltzea da, barruan duten koltana birziklatzeko. Ekintzarekin Kongoko komunitateak eta Afrikako txinpantzeen eta gorilen habitata hobetzen lagunduko dugu.
2. Mugikorrak egiteko koltan minerala behar da. Nondik ateratzen dute?
Koltan erreserba handiena Afrikan dago, Kongoko Errepublika Demokratikokoan. Koltana Kongoko legez kanpoko meategietatik ateratzen da. Material oso baliotsua da, eta horrek gerrak eta bortxaketak eragiten ditu, eta horretaz gain inguruko pobrezia, haurren legez kanpoko lana, uren kutsadura, baso-soiltzea eta inguruko ekosistema eta komunitateak suntsitzen ditu, txinpantzeena, adibidez.
3. Beraz, guk guztiok telefono mugikorrak izateko nolako miseriak pasatzen dituzten Kongon.
Bai, miseria handiak.
4. Kanpaina honekin, beraz, erabiltzen ez diren telefono mugikorrak jaso eta Afrikara bidaliko dira, barruan duten koltana birziklatzeko.
Bai, hori da, koltana birziklatuko da beste mugikor berri batzuk egin ahal izateko. Horrela, etxean gordetzen diren mugikor zaharrak berrerabiltzeari esker koltana birziklatzen badugu, aurretik aipatu ditugun arazo guztiak ekidin ditzakegu. Eta, horretaz gain, gailuak egiteko erabiltzen diren beste material batzuen salmentaren bidez, bestelako ekimenak bulkatuko dira Kongoko komunitateak laguntzeko eta txinpantzeen habitata hobetzen laguntzeko.
5. Telefono mugikorrez gain bestelako gailuak ere jasotzen al dituzue kanpaina honetarako?
Bai, tabletak ere jasotzen ditugu. Tasubinsa Lakuntzan mugikorrak eta tabletak biltzeko gune bat sortu dugu, gero birziklatu ditzaten.
6. Aipatu duzue kanpaina honek Afrikako txinpantzeen habitata hobetzen lagunduko duela. Nola?
30 mugikor edo tableta birziklatzen diren bakoitzean Kongoko txinpantze bat babestuko da urtebetez. Euren aitaponteko izango ginateke. Txinpantze horrek ongi bizitzeko laguntza, babesa eta elikadura izango luke. Eta bere argazkiak, bideoak eta informazioa bidaliko lizkigukete.
7. Momentuz zenbat mugikor edo tableta bildu dituzue ekimenerako?
11 mugikor eta tableta bat, beraz 12 guztira. Gutxienez 30 biltzea nahiko genuke, txinpantze baten aitaponteko izateko. Edo gehiago.
8. Edozein hurbildu daiteke Tasubinsa Lakuntzara etxean dituen mugikor eta tableta zaharrak eramatera?
Bai, edonor etorri daiteke bere mugikor zaharra gure birziklatze kutxan uztera. Gure ordutegia astelehenetik ostiralera da, 8:30etik 16:30era (Uriz Kalea, 30, Lakuntza, 948 57 60 17).
9. Kanpaina honetan parte hartzen ari zaretenak mugikorrak eta tabletak jasotzeko txoko polita prestatu beharko duzue, txokoen txapelketa antolatu baitute.
Bai, orain txoko polit bat prestatzen ari gara, bertan jasotako mugikorrak gordetzeko eta izena eman dugun lehiaketan parte hartu ahal izateko. Momentuz, gailuak kutxa batean jasotzen ditugu eta ate ondoan jarri dugu. Txoko lehiaketan Tasubinsa Lakuntzakoek, eta baita Tasubinsako beste zentro batzuetako lankideek ere parte hartuko dute.
10. Sakandarrak ekimenean parte hartzera animatuko ditugu?
Noski! Sakandar guztiak animatu nahi ditugu, Guaixeko irakurle guztiak ere. Etxean dituzuen mugikor eta tableta zaharrak Tasubinsara ekarri. Zahar-zaharrek ere balio dute. Koltana birziklatuko dute eta bestelako osagaiak saldu edo birziklatuko dituzte, eta lortutako diruarekin Afrikako txinpantzeen habitata hobetuko da eta Afrikako komunitateak lagunduko dira.
11. Polita litzateke Sakanak Kongoko txinpantzeetako bat babestea.
Jakina, ea guztion artean lortzen dugun. Kanpaina hau ekimen polita da, arrisku egoeran dauden animalia batzuk laguntzen ari garelako eta bide batez Kongoko herritarrei ere lagunduko diegu, koltanaren aferarekin gaizki pasatzen ari baitira. Koltanaz gain han ere urrea, harribitxiak, diamanteak... daude, eta orduan herri boteretsuak han sartu eta euren ondasunak lapurtzen dizkiete, animaliek euren habitata galtzen dute... desastre hutsa.