Sakana Sarietarako 11 hautagaitza aurkeztu dira

Guaixe 2022ko aza. 1a, 08:47

Sakana saria eskutan duen saritu bat. ARTXIBOA

Hautagaien artean sari nagusia nori eman erabakiko du epaimahaiak. Aipamen berezia sakandarren botoek erabakiko dute. 

Sakana Sarien bidez aitortu nahi da ibarrean eragin sozial, ingurumeneko edo ekonomiko positiboa izan duen erakunde edo ekimen kolektibo bati, irabazi asmoa izan edo ez. Sakanako Sozioekonomia Behatokiak deitutako sariketaren edizioan 11 hautagai aurkeztu dira. Behatokiko kideek osatutako epaimahaiak erabakiko du Sakana sari nagusia nori eman. Sakandarren botoek, berriz, aipamen berezia nori eman. Horretarako, Sakanako Garapen Agentziaren webgunean sartu behar da eta 11 hautagaietakoren baten aldeko botoa eman. 

Sakana sarirako hautagaiak

  • Aiaupenanik Euskera Taldie
  • Ziordi Running
  • Lakuntzako udaleko jai inklusiboak
  • Sakanako Herri Eskolak
  • Suspertze funtzional eta kognitiboko etxez etxeko zerbitzu geriatrikoak Sakanan
  • Osasun publikoaren aldeko plataforma
  • Haize Berriak Sakanako banda
  • Triku Trail
  • Altsasuko Mendigoizaleak
  • Bakaikuarrok herri kooperatiba
    Los del Rayo rock taldea

Sariak azaroaren 10ean banatuko dira Lakuntzako kultur etxean, 18:00etan. Sakandar guztiei irekia izanen den ekitaldia da. Hara joan nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute.