Aire zabaleko pintura lehiaketa

Guaixe 2022ko aza. 1a, 08:32
Jokin Kale 2021eko pintura azkarreko lehiaketaren irabazlea. ARTXIBOA

Azaroaren 5ean, larunbata, pintura azkarreko txapelketa antolatu du Lakuntzako Udalak. 

Beste urte batez, Lakuntzako Udalak Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa antolatu du. Azaroaren 5ean, larunbata, izanen da. Pintura azkarreko txapelketa 09:00etatik 17:30era iraunen du: 09:00etatik 10:00etara izena emateko aukera izanen da, Lakuntzako Udalean, doan. Bertan koadroak zigilatu eta parte hartzeko fitxa bete beharko dituzte parte hartzaileek. Behin izena emanda margolariek 17:30ak arte dute pinturak egiteko. Ordu horretan, 17:30ean, lanak kultur etxera eramanen dituzte eta balorazioa eginen dute. Ondoren, epaimahaia bilduko da eta dagozkion sariak emanen ditu. 18:30ean jakinaraziko da epaimahaiaren erabakia eta sariak banatuko dituzte. 

16 urtetik gorako edozeinek parte har dezake Lakuntzako pintura azakarreko lehiaketak. Lanak herriko kale, bide, plaza, poligono eta abarretan margotu behar dira, eta bertako txokoak nabarmenduko dira. Parte hartzaile bakoitzari koadro bakarra zigilatuko zaio. Koadroak gutxienez 73x60 cm-ko eta gehienez 100x81 cm-ko neurriak izanen dituzte, eta euskarri zurrunb atean muntatuta egonen dira. 

Lakuntzako Udalak hiru sari emanen ditu: 800 euro, 500 euro eta 300 euro, lehenengo, bigarren eta hirugarren saridunei, hurrenez hurren. 16 eta 30 urte bitartekoendako sari bat izanen da ere, Gazteen saria, 200 eurokoa. Lehiaketara aurkeztukota lanekin erakusketa eginen dute, abenduaren 11ra arte. Lanak ezin dira epe hori bukatu arte erakusketatik kendu. Lakuntzako Aire Zabaleko Pintura Lehiaketaren oinarriak Lakuntzako Udaleko webgunean kontsultatu daitezke.