Astekaria

Bizirik, kontatzeko

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko aza. 23a, 14:01

Emma Larretak erailketa saiakera bat izan zuen. Pasatutakoa ez zitzaiola "edozerrengatik" gertatu pentsatu eta genero indarkeriaren inguruan hausnartzeko 'InVISIBLES' ikuskizuna eta dokumentala sortu zuen. Aurreko astean Olaztin eta Lakuntzan egon zen.

2007. urtean Emma Larretaren bizitza hamar minututan aldatu zen. Emakume abenturazalea eta ekintzailea dela esan du; Donostiatik oso gazte joan zen hiria "txiki gelditzen" zitzaiolako, leku askotan bizi izan da eta urte luzez kanpoan lan egin du. "Ama izatea eta sustraietara itzultzea erabaki nuen, nire semea familiatik gertu egoteko". Momentu hartan bizitza eten zitzaion, "errurik izan gabe". Bizitzan "hainbeste gauza egin ondoren eta hainbeste buelta" eman ondoren, bera hiltzen saiatu zen bere bikote ohia, Donostiako zentroan, San Martin kalean.

Gertatutako guztiaz "primeran" gogoratzen da Larreta; ez zuen konorterik galdu

Gertatutako guztiaz "primeran" gogoratzen da Larreta. Sei hilabetez gizon batekin ateratzen egon zen eta "nire pentsamenduekin bat egiten ez duten ohiturak zituelako utzi nuen. Oso gaizki hartu zuen eta ez zuen onartu uztea". Garai hartan Larreta Donostiako zentroko denda bateko arduraduna zen "eta bazekien non egongo nintzen". Gizonak laban bat erosi eta "ni akabatzera etorri zen. Horrela izan zen. Aurreko egunean salatu nuelako". Larreta lagun batzuekin zegoela gizonak beso batetik hartu eta astindu egin zuen. "Nik oso argi izan nuen nire eremua inbaditu zuela, ez zituela nire erabakiak errespetatu eta salatu nuen". Hurrengo egunean "nire bila" joan zen. "Oso egoera desatsegina izan zen, egitan. Azalpenak eskatzera etorri zen, ea zergatik salatu nuen, eta esan nion iruditzen zitzaidala merezi zuela eta azalpenak eman behar zituen tokian emango zituela. Bere bizitza berregiteko, bakoitza bere bidetik". Gizonak gerritik labana atera zuen eta labankadak ematen hasi zen. 27 labankada.

"Ni defendatu n intzen, eta ordaina besoak lehertuta ditudala da" 

"Nik egin nuena neure burua defendatzea izan zen. Segunduko dezimetan kalera atera behar nintzela pentsatu nuen, bestela hor barruan ezinezkoa izango zela. Gizon handia zen eta ezingo nuen berarekin". Pixkanaka-pixkanaka aurrera egin zuen eta kalera ateratzea lortu zuela kontatu du Larretak: "Baina ordaindutako prezioa da besoak lehertuta ditudala. Besoekin egin nion aurre". Gizonaren gorpuzkerari bere inteligentziarekin erantzun zion Larretak. "Oso argi dut, eta uste dut eskubide osoa dudala hori esateko eta defendatzeko, norbait mugako egoera batean dagoenean bere benetako izaera ateratzen duela". Tratatu duten psikologoek esan diote horrelako egoera batean jende asko "makurtuta iskin batean bola bat eginda" geratuko zela, "baina ni ez. Nik banekien lokaletik atera behar nintzela azkar".

Aingeru zaintzailea
Kalera ateratzea lortu zuen baina atera zenerako "ez neukan ia odolik eta oso nekatuta nengoen". Gerora jakin du oso nekatuta zegoela eta itotzen ari zela odolik ez zuelako, "baina egia da momentuko adrenalina izugarrizkoa dela eta ez duzula ezer sentitzen. Salbatzeko bizi sena ateratzen zaizu". Ez zuen konorterik galdu, baina erori zen. Oso "desatsegina" izan zela esan du. "Momentu horretan zinegotzi bat pasatu zen handik eta garai hartan bizkartzainak zeramatzaten. Kotxez pasatzen ari ziren eta kotxea gelditu, bizkartzaina jaitsi zen eta pistola gizonarengana bideratu zuen". Gelditzen ez zelako. "Oso gorea izan zen".

Larretak une horretatik argi dauka ez zela bere unea. "Nik beti esaten dut aingeru zaintzaile bat dudala, nire aitona, eta egun horretan... zenbat lan ematen didazun pentsatuko zuen!". Eskuineko besoko arteria zulatu zion eta odola etengabe ateratzen ari zen, "eta ni odol putzuaren erdian nengoen". "Kasualitatez ere" ZIU anbulantzia bat joan zen, ohiko anbulantziak baino prestatuago daude. "Ospitalera eraman ninduten eta bederatzi odol poltsa jarri zizkidaten". Familiari hiltzen ari zela esan zioten, "psikologoak joan ziren familiarekin hitz egiteko. Baina la rubia esnatu zen". Esnatu zen momentua oso "gogorra" izan zela esan du Larretak, "barrez" esnatu zelako. "Medikuak negarrez zeuden; oso hunkigarria izan zen. Oso momentu heavya izan zen, baina nik jakin nuen nire bizitzako lorpen handiena izan nuela".

Ikusgai
Ospitaleko ohean zegoela Larretak pentsatu zuen pasatutako guztia zerbaitengatik gertatu zitzaiola: "Neure burua ikusten nuen, ezin nintzen mugitu, morfina bonbona batekin ia hilabete bat... Eta pentsatu nuen, baina zer da hau!?". Arte eszenikoak "betidanik" gustatu izan zaizkio eta antzerkiaren eta dantzaren munduari lotuta egon da beti eta "zerbait oso polita baina barruraino iristen dena" egin behar zuela bururatu zitzaion: "Jendeak gaiari buruz hausnartzea eta pentsatzea nahi nuen, gaiari behar duen garrantzia emateko". Oraindik ospitalean zegoela antzerkiaren munduko lagunekin hitz egin zuen, esaterako, Aizpea Goenagarekin eta Iñaki Salvadorrekin, "eta nirekin aurrera egingo zutela esan zidaten". Horrela sortu zuten InVISIBLES ikuskizuna, Goenagak zuzendu zuen eta Salvadorren musika originala erabili zuten. "Entseguak besoak eskaiolatuta nituela hasi genituen". Ospitaletik atera eta urtebetera ikuskizuna mustu zuten. "Gozamena izan zen".

InVISIBLES 2008. urtean mustu zuten eta Euskal Herriko leku askotan eman zuten performance bat da. Larreta pertsona baten egoera emozionala guztietatik pasatzen da dantzaren eta interpretazioaren bidez, maitemintzen denetik harremana zapuzten den arte. Gerora, ikuskizuna dokumentala bihurtu zuten, eta performancearen irudiak indarkeria jasan duten emakumeen testigantzekin uztartzen dira. "Teknikoki oso zaila eta garestia zen. Nik ahalik eta publiko gehienera iristea nahi nuen. Herri txiki batera joan ahal izatea eta gela txiki batean izan arren gure lana erakutsi nahi nien. Proiektore bat eta pantaila bat behar ditut". Esentzia eta mezua berdinak dira. "Lanak 30 bat minutu irauten du, eta gero nire testigantza ematen dut eta jendearekin solasaldia egiten dut". Bertan jasotzen diren egoerak "oso potenteak eta positiboak" direla esan du Larretak. Sakanako Mankomunitateko Berdintasun zerbitzuak azaroaren 25aren harira antolatu duen egitarauaren barruan aurreko asteko ostegunean Olaztiko kultur etxean egon zen eta larunbatean Lakuntzako kultur etxean.


Emma Larreta Lakuntzako kultur etxean. 

Dokumentalak "oso modu polit batean" azaltzen ditu emakumeen testigantzak eta proiekzioa "oso praktikoa eta efektu handikoa" dela azaldu du Larretak. "Badakit pertsonak, izen abizenekin, bere egoerari buelta eman diotela honi esker. Hori lortzen du InVISIBLEk. Atmosfera oso egokia sortzen du, egiaz beteta. Gero ni ateratzen naizenean eta testigantza kontatzen dudanean, jendeari iristen zaio". Hori da sekretua, "egi handia dagoela". Adin guztietarako pentsatuta dago, "genero indarkeria edozein adinetan eman daitekenez, nahi genuen edozein pertsonak ikustean ulertzea". Dantzak emozioetatik aurrera egiten duen bitartean, testigantzek ere istorioa aurrera eramaten dute. Bukaeran Ane Gabarainen bakarrizketa bat dago. "Performanceak hausnarketa eta itxaropena uztartzen ditu. Egiten dudan guztiak ukitu hori ere badu".

Helburua

Besteak beste, genero indarkeria azalarazi eta estereotipoak apurtu nahi ditu

Jendea "nahasirik" gelditzen dela esan du Larretak, "eta hori da justu nik nahi nuena. Proiekzioak lantzen duen gaia oso gogorra eta problematikoa da, eta orduan ezin zara axolagabe gelditu. Erreakzioak gaiarekin bat egin behar du, eta nik uste lortu dudala". Proiekzioarekin amaitu ondoren eta testigantzarekin eta solasaldiarekin hasi aurretik "minutu batzuk" ematen ditu "jendea lasaitzeko". Dantzaria eta hizlaria pertsona bera dela ikus daiteke, eta publikoa erlazionatzen hasten dela azaldu du Larretak. "Baina ni erdi erotuta nagoenez eta umore berezia dudanez bromak egiten ditut eta giro polita sortzen da. Konturatzen dira ni hemen nagoela egon behar nintzelako eta umorea izan dela aurrera egiteko indarra eman didana".

Proiektu honekin oso zoriontsua dela esan du. "Nire konfort eremutik guztiz atera naiz. Ekintzaile bihurtu naiz, aurreko astean Madrilgo kongresu batean egon nintzen erasoagatik desgaitasun bat dudalako eta adibide bezala jarri ninduten; zer den ekintzailea izatea 47 urterekin eta nire proiektuak gainera helburu sozial bat izatea". Kontzientziak mugitu nahi ditu, gehienbat, gazteen artean. "Arazo honetatik urrun gelditzen diren kolektiboengana iritsi nahi dut". Ikastetxetan InVISIBLESen proiekzioak eta solasaldiak egiten ditu, eta gazteek oso ongi ulertzen dutela esan du. "Esaten didate irakasten dietena aspergarria dela, baina nirekin oso gustura daude. Haien kodeak erabiltzen ditudalako eta konektatzen dugulako".

Genero indarkeriarekin zerikusirik ez duten gizartearen kolektiboengana iristea da Larretaren proiektuaren helbu tako bat. "Harrigarria dirudien arren estatistikek diote gazteen erdia baino gehiagorendako genero indarkeria ez dela existitzen". Bestetik, estereotipoak apurtu nahi ditu, "jendeak uste duelako hau bakarrik kulturarik gabeko emakumeei gertatzen zaiela, marginalei, eta ez da horrela. Parte hartu izan dudan talde lanetan emakume prestakuntza eta adimen handiko emakumean zeuden. Zenbat aldiz harreman batean eta horrela indarkeria egoerara iritsi gabe pentsatu izan dugu, baina nola egon nintekeen pertsona kaskar horrekin? Mundu guztiari gertatu zaigu!".

"Beste gauza bat aldarrikatu nahi dudana da horrelako egoera batetik pasatzen ari direnak ez direla lotsatu behar. Erasotzailea lotsatu behar da, eta ez indarkeria jasaten dutenak". Landa eremuan asko gertatzen dela konturatu da Larreta. "Ez bakarrik indarkeria egoera batean, bere harremanean zoriontsu ez dena edo egoera oso deseroso batean bizi dena eta lotsatu eta izkutatzen da. Ez zen horre la izan behar. Erasotzen duenak edo bizitza txarra ematen duenak lotsatu eta burua makurtu behar du". Komunitatea egin behar dela esan du Larretak, "gizarte bezala behar bat dugu, modu erreal batean lagundu behar dugu, eta ez bakarrik ondoan duguna. Onerako eta festarako denak gaude, baina norbait gaizki dagoenean...". Herrian "harritu" zela esan du, "familien artean elkar laguntzen dute, baina hortik aterata ez eta horrek pena pixka bat ematen dit". Laguntzea oso erraza dela esan du: "Ez da heroiarena egin behar. Batzuetan esaten dute ea nola lagundu behar duten haiek. Pertsona bati laguntza eskaintzea asko da".

Bizitza
Larretak bere bizitza berregin du, ezkondu da eta berriz ama izan da. "Gertaera hori nire bizitzan koska bat igotzea izan zen; horrela hartzen dut. Nire bizitza eskailera maila asko egon dira, eta honetarako inpultso gehiago hartu behar izan dut. Seguruenik ez da hartzen dudan azken maila. Bizitza horrela ulertzen dut: etapak eta zikloak dira". Sakanara bizitzera modu "barregarri" batean iritsi zirela kontatu du: "Nire senarra Gasteizkoa da eta ni Donostian bizi nintzen eta erabaki genuenean elkarrekin familia osatu nahi genuela, berak Arabako herri batean lan egiten du eta hori izan zen erreferentzia". Egunero kotxea hartzen zuten eta "erradioa" zabaltzen joaten ziren. "Lakuntzara irtsi ginen eta herria asko gustatu zitzaigun. Hemen jarri genuen arrautza eta hemen gaude duela hamabi urte".

Erasoagatik desgaitasun bat du Larretak eta Nafarroako COCEMFE elkarteko kidea da. Buen Sitio produkturako kideek ikerketa bat egin zuten eta ondorioztatu zuten desgaitasunen enpoderazio tailerretan parte hartzen zuten emakumeen %40ak baino gehiagok indarkeria pairatu zutelako zutela desgaitasuna. "Marga Gutierrez produktoraren zuzendariak indarkeria eta desgaitasunaren inguruko dokumental bat egitea proposatu zigun: Amadas". Harrera oso ona izan du eta Iruñean hilabete bat baino gehiago egon da, Bilbon, Madrilen, Italian, Azerbaijanen eta beste hainbatetan ere aurkeztu dute. Iortian eta Sakanko gainerako kultur etxetan eskaintzea gustatuko litzaioke.