Udalak hiru lanpostu egonkortzeko deialdia egin du

Guaixe 2022ko abe. 15a, 11:17
Lakuntzako herriaren etxea. ARTXIBOA

Merezimendu lehiaketa bidez beteko dira. Lanpostu bat 2023an beteko du eta beste biak 2024an.

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriak hartzera daude administrazio guztiak, baita udalak ere. Hori dela eta, Lakuntzako Udalak 2022rako lan publikoaren eskaintza egin du, aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuaren barruan. Lanaldi osoko hiru lanposturen deialdia egin du udalak. Batetik, administrari ofizial lanpostua bete nahi du, C mailakoa, eta euskarazko C1 ezagutza duena. Lanpostu horretan interesa dutenek beraien eskabideak Lakuntzako udaletxean otsailaren 1etik aurrera aurkeztu beharko dute. 

Bestetik, Lakuntzako Udalak zerbitzu anitzetako enplegatua kontratatu nahi du, D mailakoa, euskarazko B2 eta B motako gidabaimena izanen duena. Lanpostu horretan interesa dutenek 2024ko garilaren 31tik aurrera aurkeztu ditzakete eskabideak. Azkenik, udalak bete nahi duen azken lanpostua garbitzailearena da, E mailakoa, eta euskarazko B1. Horretarako eskabideak ere, 2024ko garilaren 31tik aurrera aurkeztu beharko dira.