Udal lokalen erabilera ordenantza bidez araututa

Guaixe 2023ko urt. 12a, 11:33
Lakuntzako herriko etxea. ARTXIBOA

Haiek erabiltzeagatik ordaindu beharrekoa ere zehazten du araudiak.

Lakuntzako Udalak bere erabilera eta horren prezio publikoak arautzen dituen ordenantza behin betiko onartu du. Haren berri eman du abenduaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Ordenantza horren bidez irizpideak eta prozedura orokorra ezarri dira udal lokalen erabilera uzteko, bai noizean behingo edo aldi baterako beharrak ase nahi dituzten entitate, elkarte eta pertsonei. Lakuntzako Udalak entitateen edo pertsonen noizean behingo edo aldi baterako beharrak asetzeko utziko dituen espazioak honakoak dira: kultur etxeko proiekzio gela eta lehenengo solairuko erabilera anitzeko gela; herriko etxeko bigarren solairuko gela gris, berde eta arrosa eta lehen solairuko osoko bilkuren aretoa eta, azkenik, igerilekuetako erabilera anitzeko gela.

Udalak jakinarazi duenez, erabiliko diren eremuak eta baliabideak partekatzekoak dira, eta pertsonek edo entitateek ez dituzte modu esklusiboan erabiliko. Espazioen ezaugarriak kontuan hartuz, horietako bakoitzera bideratuko den jarduera ahalik eta egokiena izanen da, kontuan hartuz espazioaren izaera eta funtzioak, bai eta bertako hornidura ere.

Eskubide eta bete beharrak
Ordenantzaren arabera, pertsona eta entitate erabiltzaileek hiru eskubide izanen dituzte: espazioak edo baliabideak erabiltzea, ordenantza honetan eta ematen zaien baimenean ezarritako moduan; informazioa jasotzea, lokal, espazio edo baliabide ezberdinak erabiltzeko baldintzei buruz eta iradokizunak egitea, espazioen kudeaketa hobetze aldera.

Espazio horiek erabiltzen dituzten pertsonek eta entitateek betebeharrak ere izanen dituzte. Batetik, instalazioak eta zerbitzuak behar bezala erabiltzea, haiek zainduz eta zainaraziz; pertsona edo entitate erabiltzailea izanen da erantzulea erabilera desegokiaren ondorioz gerta daitezkeen kalteen aurrean. Bestetik, erabiltzen dituzten espazioak eta baliabideak garbi eta ordenatuta edukitzea. Horrekin batera, ardurapean dituzten pertsonen erantzule izatea, baimendutako espazioak erabiltzen ari direnean, trabarik ez egiteko gainerako pertsona eta entitate erabiltzaileei. Gainera, une oro errespetatzea espazio bakoitzerako ezarritako ordutegiak eta araudi berariazkoa, eta kasu egitea udal langileek edozein unetan egin ditzaketen oharrei. Aldi berean, zentroko giltzak zaintzea eta, erabiltzen azkena denean, hura ixtea. Ezinen da esleitu zaien espazioaren erabilera hirugarrenei utzi, ez osorik ez zati batean, hirugarren horiek elkarteko kide izan ala ez. Eta, azkenik, gertatzen diren anomalia, gora-behera edo arazoen berri ematea Udalari, eta berehalakoan, larrialdi kasuetan.