Ilbeltzaren 19an, ostegunean, hasiko dira Lakuntzako sansastinak. Bi urteren ondoren, Lakuntzako danborrada bueltan da, nobedade garrantzitsuarekin, Adur Kanpo Floresek hartuko baitu taldea zuzentzearen ardura Ricardo Areta Aretaren eskutik.
1. Ricardo, nola sortu zen Lakuntzako danborrada?
Sansastinetan Migeliko Lazkanok beti esaten zidan: “Areta, danborrada bat egin behar dugu. Atera etxean dituzun danbor zahar horiek eta su!”, 1990. urtean berotu eta danborrada lagunartean egitea erabaki genuen arte. Nire danborrak, semearenak eta beste hartu, eta zine zaharrean entseatzen hasi ginen. Aralar Txirrindulari Taldearen autoak bozgoragailuak zituenez, Edor Zubeldia autoan sartu, akordeoia jo, eta hori zen gure musika (kar, kar). Eta atzetik danborrak, botila hotsak... Orduan herriari buelta ematen genion.
2. Harrera izugarrizkoa izan zen.
Sekulakoa. Giroa izugarria zen. Jende askok hasieratik jarraitu du. Soinua hobetu behar zela, eta Juan Ramon Arregiren todoterrenoan generadorea sartzea izan zen hurrengo pausoa, Edorri hobeto entzuteko. Zubi berrian egin genuen soinu proba (kar, kar...) Musikarena abentura husa zen. A ze garaiak! Lagun artean antolatzen jarraitzen genuen, baina Lakuntzako Pertza elkartetik proposatu ziguten danborrada elkartera eramatea. Eta 1994. urtean elkartetik atera ginen.
3. Danborrak erosi zenituzten, eta denborarekin herriko Ozarki txaranga hasi zen musika jotzen.
Elkartekoei esan nien danborrak erosi behar genituela. Ilusio hori genuen, denak berdin ateratzeko. Udalari ere laguntza eskatu nion. Danborradaren gastuak beti erdibana oraindu izan dute elkarteak eta udalak, bai danborrak erosteko, musikariei ordaintzeko... denetarako. 20 danborrekin hasi ginen, eta egun 30 pasa dauzkagu. Askok ere berea propio dute, haurrek Olentzerori danborra eskatzea moda baitzen. Denborarekin danborrada plazan egiten hasi zen, herriko Ozarki txaranga musika jotzen hasi zen, Haize Berriak bandako jendearen laguntzarekin, eta Lakuntzako abesbatza San Saastin martxa kantatzen hasi zen.
4. Eta urte hauetan guztietan zu gidari lanetan.
Musika alorra, entseguak eta danborraren zuzendaritza beti nire gain egon dira, Joxe Floresek urte batzuetan aginte makila hartu zuenean izan ezik. Danborrada zuzentzeko ilusioa zuen eta hantxe aritu zen zenbait urtez. Ohorezko txanoak aurkezteko ekitaldia bien artean egiten dugu.
5. Pandemiagatik bi urte ospatu gabe egon ondoren, ostegunean bueltan da danborrada, sorpresarekin, zuzendaritza Adur Kanposen eskuetan utzi duzulako. Zergatik?
Bizitzan aurrera egin behar delako eta gazteei bidea eman behar zaielako. 77 urte beteko ditut eta ongi nago, baina eskailerak igo eta jaisteko ez nago horren fin, eta nahiago dut entseguetan laguntza eman baina gainontzekoetan ardurak uztea. Adur musikaria da, erraldoien konpartsan atabala jotzen du, Eztanda txarangan jotzen du eta aginte makila hartzea berari proposatzea egokia iruditu zitzaidan. Oso arduratsua da, eta ziur nago ongi egingo duela. Konfiantza dut eta egun polita izango da, San Saastin bezpera eta denborrada polita izaten delako. Bi urte ondoren jendea gogotsu egongo dela espero dut.
6. Adur, beti jo izan al duzu danborradan?
Bai, txikia nintzenetik. Hiruzpalau urte nituenetik jada baditut argazkiak. Jo ahal izan dudanetik jo izan dut nik danborradan, urtero.
7. Danborrada gidatzeak badu bere ardura.
Aspaldi eskaini zidaten ardura hartzea. Nire buruak esaten zidan baietz, nahi nuela. Joxe Flores osaba aspalditik danborradan aritzen da Ricardorekin, eta txikitatik bizi izan dudan zerbait da. Baina Tuterako ikasteketak eta praktikak, Eztanda txaranga, Lakuntzako erraldoien konpartsa, futbola -Murchanteko atezaina naiz- eta bestelakoak direla medio, oso ongi pentsatu beharra nuen, erabakiak konpromisoa dakarrelako. Baina azkenean animatu naiz.
8. Urduri al zaude?
Egia esan, pixkat urduri nago, soilik azken asteko entseguetan egongo naizelako, aste honetan Tuteran nagoelako, lanean. Gainera, azken bi urteetan ez da egon danborradarik, eta gogoratzeko esfortzu gehiago dakar horrek. Etxean danborradako kantuak entzuten ditut, eta pentsatzen dut azken aste horretan egunean jarriko naizela. Ricardoren eta Joxe Flores osabaren laguntza izango dut. Ricardok ia urtero moldaketaren bat egiten du, eta aurten eskatu diot ez dezala moldaketarik egin, azkeneko danborradan jo genuen bezala aritzeko.
9. Lakuntzarrak animatuko al dituzu danborradan parte hartzera?
Jakina, noski baietz! Gogoan dut Lakuntzako danborrada plaza zaharrean izaten zenean, orduko toldo berde hura jartzen zenean, jendez lepo egoten zela. Azken urteetan ez da hainbeste jende animatu, 15 eta 25 urteko adin tarte horretan bereziki. Ni adin tarte horretan nago eta nire kuadrillakoak animatuko ditut, baita gainontzekoak ere.
10. Zergatik dira horren bereziak sansaastinak?
Xarma berezia dute. Ez dira udako festak bezala, abuztukoak lehengo feriak baitziren. Lakuntzako festak sansaastinak ziren, San Saastin Lakuntzako patroia da, eta baselizara erromeria, piperropilak, etxez etxeko errondak, danborrada... Nahiz eta neguan izan, niretako oso festa politak dira.
11. Nola ospatuko dituzu?
Danborradan parte hartuko dut, aurten gainera modu ezberdin eta polit batean, erraldoi eta buruhandien konpartsarekin aterako naiz, eta Eztanda txarangarekin ere joko dugu. Beraz, konpleto. Baina parrandarako denbora ere egongo da, jakina. Aurten ezin hobeto datoz festak, justu 19an hasten direlako, San Saastin bezperan. Berezia izango da.