Txirrindularitza

Aimar Tadeok Lizarteren lekukoa hartu duen Finisher taldean debutatuko du

Guaixe 2023ko urt. 25a, 11:37
Finisher taldearen aurkezpena Orkoienen egin zen, Andia Hotelean. FINISHER

Taldeko staffean Asier Ormazabal mekanikoa, Joseba Juanjo masajista eta Mikel Zabalo prestatzailea daude

Ilbeltzaren 21ean aurkeztu zen, Orkoiengo Andia Hotelean, Lizarte amateur taldearen lekukoa hartuko duen Finisher afizionatuen taldea, Kern Pharma taldearen harrobia dena. Hain zuzen ere aurkezpenean Kern Pharmako Manolo Azcona presidentea eta Juanjo Oroz managerra izan ziren. Finisher Kern Pharma farmazeutikoaren osasun eta kirol nutrizioaren marka da. 

17 urteren ondoren Lizartek bere ibilbidea itxi du eta Finisherrek hartu du lekukoa. Bide beretik jarraituko dute, “Kern Pharma profesionalen taldeko 22 txirrindularietatik 17 harrobiko taldean trebatu baitira, gauzak ongi egiten direnaren seinale” Manolo Azconaren esanetan. 

Taldea gaztea da. “Gaztetasunaren aldeko apustua egin dugu. Gogotsu dagoen talde gaztea aurkeztea da albisterik onena” nabarmendu zuen Juanjo Orozek. 

Sergio Araiz, Jon Armendariz, Rubén Martinez eta Jabier Ruiz de Larrinagak 21 txirrindulari izanen dituzte euren esanetara. Horietatik 11 txirrindulari berriak dira. Tartean dago Sakana Group Aralar taldetik datorren Aimar Tadeo lakuntzarra. Afizionatuetan Finisher taldean debutatuko du. Bere taldekideak ondokoak dira: Daniel Artero, Ibai Azanza, Hugo Aznar, Unai Aznar, Pablo Carrascosa, Daniel Criado, Yanne Dorenbos, Adriá Franquesa, Ivan Gomez, Ismael Goñi, Jorge Gutiérrez, Dylan Jimenez, Albert Muntanya, Antonio Nieto, Iñaki Ordoki, Ugaitz Otxandorena, Abel Rosado, Diego Uriarte, Dylan Westley eta Ho Yen Yi. 

Bestalde, taldeko staffean Asier Ormazabal mekanikoa, Joseba Juanjo masajista eta Mikel Zabalo prestatzailea daude.