UAGNk bere zuzendaritza berritu zuen hilaren 17an egindako kongresuan. Nekazal sindikatuaren buru izaten segituko du Felix Bariain. Zuzendaritza berria 12 kide izatetik 13ra pasa da eta lau kide berri izanen ditu. Horien artean dago Hodei Flores Galarza, bokala izanen dena. Lakuntzarrak 37 urte ditu eta 8 eta 5 urteko bi alabaren ama da. Haur Hezkuntza ikasi zuen Gasteizen eta hainbat ikastetxetan lan egin zuen haur hezkuntzako irakasle gisa, 2018ra arte. Orduan, ardi abeltzaina den bere senar Fernando Igoarekin kolaboratzen hasi zen. 2021ean abeltzain gazte gisa instalatu zen. Biek, gainera, beren gazta marka merkaturatzen dute, Poke. Floresek azaldu duenez, "ez nator abeltzaintza familiatik, baina lana eta familia bizitza uztartu ahal izateko, sektorean kokatzea eta senarrarekin lan egitea izan zen egokiena. Hala egin nuen, eta oso pozik nago hartutako erabakiarekin".
Floresek azaldu duenez, "UAGNko zuzendaritzan sartzea proposatu ziotenean, asko pentsatu zuen, baina ikusten zuen gauza asko zituela emateko". Lakuntzarraren iritziz, "funtsezkoa da emakumeok ardura karguak izatea eta gure esperientziak kontatzea, beste emakume batzuendako eredu izan gaitezen eta lagundu ahal izan diezaiegun. Nire ikuspegia eman ahal izatea espero dut". Gaineratu duenez, "ardien abeltzain gisa nire inguruan ditudan arazoak azaldu ahal izango ditut, baita zuzeneko salmentako merkaturatzea hobetu ere".