Automobilismoa

Andoni Blasen eta Garikoitz Floresen podiumak

Guaixe 2023ko api. 4a, 11:30

Garikoitz Flores Aiako Igoeran. UTZITAKOA

Sakana Motorsporteko bi pilotuak primeran aritu ziren. Blasek Etxalarko Usategietara Igoera irabazi zuen eta Flores Aian hirugarren kaxoira igo zen

Marsuaren 25ean Aiako Igoera jokatu zen, Euskal Herriko mendi igoeren denboraldia zabaldu zuen proba. 35 pilotuk hartu zuten irteera, Aiako bihurgune nahasi eta trabatuei ekiteko prest, eta horietatik 32k lortu zuten proba despeditzea. 3,78 kilometroko proba zen, bi entrenamenduak eta bi manga izan zituena.  

Azkarrena Jaizkibel eskuderiako Joseba Iraola izan zen (Nova NP-01). Pilotu bizkaitarrak hegan egin zuen Aian gora, denbora ikaragarria eginez (1:40.319). 6 segundoko aldea atera zion bigarren sailkatu zen Arkaitz Ordokiri ( Nova NP-03, 1:46.935). Hirugarren postuan sailkatu zen Sakana Motorsporteko Garikoitz Flores (X Talex M3). Lakuntzako pilotuak Iraolak baino 11 segundo gehiago behar izan zituen Aia gainera heltzeko (1:51.834). 

Egun berean XIII. Etxalarko Usategietara Igoera jokatu zen, 4,45 km-ko mendi igoera. Guztira hemezortzi pilotuk hartu zuten parte, eta azkarrena Sakana Motorsport eskuderiako Andoni Blas Arzelus izan zen (Speed Car GT 1000). Denbora polita egin zuen, 3:05.154 minutu. 10 segundoko aldea atera zion Moncayo Motorsporteko Iosu Beitiari (3:15.673, Speed Car GTR Evo).