Hartutako erabakiarekin pozik, prozesuarekin "berriz" hasiko litzateke.
1. Nola erabaki zenuten autokontsumo partekatuari ekitea?
Modu pertsonalean eguzki plakekin interesa nuen. Mendian etxe bat genuen eta elektrizitaterik ez zegoenez eguzki plakak jarri genituen, eta etxean modu partikularrean jartzeko begiratzen hasi nintzen. Baina bakarrik jartzeko inbertsioak ez zuen konpentsatzen. Egun batean auzokideekin hitz egitea pentsatu genuen. Gure artean harreman ona dugu, eta konfiantza gehiago dudan eta horrelako gaiekin interes gehiago duen auzotar bati komentatu nion. Baiezkoa esan zidan. Zortzi auzokideetatik bostek interesa agertu zuten. Beste hirurei zenbait arrazoi ez zien konpentsatzen. Niretako bakarrik nuen aurrekontua bost auzotarrendako eskatu genuen. Elementu komun asko daude: plakaren bat gehiago jarri behar zen eta inbertsioa pixka bat handiagoa zen, baina diferentzia oso txikia zen.
2. Noiz jarri zenituzten?
Prozesu guztia duela urte eta erdi inguru hasi genuen. Ekain aldera instalatzaileari baiezkoa eman eta hiru hilabetetan instalatuta zegoen. Gehiago kostatu zitzaiguna Iberdrolarekin lotura izan zen, baimena, produkzioa sartzeko kontadorea jarri eta abar. Funtzionatu zuen lehenengo eguna Santa Luzia eguna izan zen, urteko egunik motzena. Energia ekoizten eta fakturan ikusten hiru hilabete daramatzagu. Ekoizleak gara eta merkaturatzailearen arabera fakturan modu batera edo bestera konpentsatzen dizute.
3. Zer esan nahi du energia ekoizlea izatea?
Eguzki plaken bidez guk energia ekoizten dugu, ez dugu metatzen. Produzitzen dugun guztia sarera eramaten dugu, kontadore bat dago, eta bost bizilagunek modu berean parte hartzen dugu: momentuoro ekoizten den energiaren %20 bizilagun bakoitzari dagokigu. Konpentsazio automatiko bat da; norberaren kontadoreak badaki zenbat kontsumitzen dugun, orduan kontsumitzen dugunetik ekoizten duguna kentzen zaio. Gehiago kontsumitzen badugu diferentzia kobratzen dizute eta gutxiago kontsumitzen badugu, diferentzia ordaintzen digute, nolabait esateko.
4. Zenbat eguzki plaka dituzue?
27 edo 28. Guztira, hamar kilowatta ekoizten ditugu.
5. Elektrizitate fakturan nabaritu duzue?
Azken bi fakturetan, potentzia terminoa, kontadorearen alokairua eta gauza horiek alde batera utzita, kontsumoaren aldetik hirutik bi konpentsatzen dugu. Hemendik udara arte, eguzki ordu gehiago daudenez, gehiago nabarituko dela uste dut.
6. Zenbatekoa izan da inbertsioa?
Auzokide bakoitzarendako 3.000 euro baino gutxiagokoa izan da. Horretatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) kenkaria dugu, gehienez %20. Dirulaguntzak ere badaude. Ez dakigu zehazki zenbat izango den, baina guztira 12 milioi euro daude. Gehienez 600 euro kW-orduko da eta honek hamar kW-orduko ditu. Beraz, gehienez 6.000 euro dagozkigu. Ikusiko dugu zer datorren. Instalatzaileak aipatu zuen lau urtetan inbertsioa berreskuratuko dugula.
7. Nola bizi izan duzue prozesua?
Ilusioarekin, gogoarekin... Auzotar guztiak ados jarri behar ginen, proiektuan parte hartu nahi genuenak eta nahi nahi ez zutenak ere. Jabetza horizontalaren legearen baitan sartzen da, eta ados jartzeko portzentaje bat behar da. Eta baita ezinegonarekin, burokraziaren atzerapenagati
8. Muntaia nolakoa izan zen?
Arbizuko instalatzaile batekin harremanetan jarri ginen eta berak aurrekontua, obra proiektua eta dokumentu guztiak aurkeztu zituen. Instalazioa hiru astetan egin zuen.
9. Baimenik behar da?
Udalean obra lizentzia eskatu behar da. Teilatuak jasan dezakeen pisua aurkeztu behar da, baita materialen eta abarren memoria bat. Instalatzailea ingeniaria da eta dena prestatu zuen.
10. Matxurak badaude?
Dena monitorizatuta dago. Aplikazio bat dugu eta bertan dena agertzen da: eguzkia noiz ateratzen den, erroreak... Lehenengo egunetan jolas bat zen.
11. Jendea animatzen duzu?
Dudarik gabe, bai. Pentsatzeko eta egiteko modu bat da. Duela lau hilabete bukatu genuen paper kontuekin, eta orain denbora pasa dela, berriz hasiko nintzateke. Eraikinak babes sare bat du ere, hezetasun arazoak zituelako. Edozein eraikinetan jar daitezke eguzki plakak, eta gainera horrelako proiektu batean parte hartzeko eraikinek ez dute zertan ondoan egon. Kilometro bateko inguruan egon daitezke.