Nafarroa Oinezek, Sakanako Mankomunitatearen laguntzaz, Eman arnasa (gureari) jardunaldia antolatu du larunbaterako. Euskararen erabilera, ezagutza eta transmisioa ardatz dituzten bi mahai inguruz osatutako jardunaldia. Antolakuntza errazteko labur.eus/Pgqje galdetegi laburra bete behar da.
Lastailaren 8ko ospakizunaren aurretik, zergatik jo duzue beharrezko hausnarketa egitea?
Urriaren 8an ospatuko da Nafarroa Oinez eguna eta euskaltzaleen festa handia izanen da, baina, urte osoan zehar era guztietako jarduerak antolatzen ari gara. Nafarroa Oinezaren helburuekin bat, ezinbestekoa iruditu zitzaigun euskarari eta, bereziki, euskaren arnasguneei erreparatzea eta, hezkuntza komunitatea garen aldetik, euskarazko irakaskuntzaren egoerari buruz ere hausnartu nahi genuen. Helburu horrekin bi mahai inguru antolatu ditugu, lehenengoa, Euskararen arnasguneen erronkak eta, bigarrena, Nafarroan D eredua arnasberritzen. Batean nola bestean luxuzko hizlariak izanen ditugu.
Zergatik jarriko duzue mahai gainean euskararen erabilera?
Azken urteetan handitzen ari da euskaren erabilerarekiko kezka. Nagusiki euskarazko hezkuntzari esker, nabarmen hazi da euskararen ezagutza, baina euskararen erabilera ez da neurri berean igotzen ari. Azken ikerketek erakusten dute euskararen erabileran moteltze bat egon dela eta, are gehiago, euskararen arnasgune batzuetan erabilerak atzera ere egin du. Sakanan, Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren arabera, 2016tik 2021era euskararen erabilera % 24,8tik % 24,3ra jaitsi zen. Herri euskaldun batzuetan atzerako joera ikusi da. Etxeko erabilerak ere kezka sortu du.
Kezka horiek eta datozen erronka berriak izanen dituzte hizpide hiru hizlariek, Alberto Barandiaranen gidaritzapean: Idurre Eskizabel, Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari orokorra; Kike Amonarriz soziolinguista, aurkezle eta Topaguneko lehendakaria; eta Garikoitz Goikoetxea, UEMAko teknikaria.
Zergatik eta zertarako erreparatuko diozue D ereduari?
Azken hamarkadetako euskararen ezagutzaren gorakada ezin da ulertu euskarazko irakaskuntzarik gabe, baina badira urteak Nafarroan euskara hutsezko eredua egonkor dagoela eta zailtasunak dituela hazteko. Lege markoaz aparte, hainbat baldintzak eta neurrik (hizkuntza ereduek, babes instituzionalik ezak, PAI programa hauspotzeak, migrazio fluxuek…) zaildu egin dute euskararen esparru sozial eta geografikoa zabaltzea. Mehatxuak nola bihurtu aukera? Hori izanen da bigarren mahai inguruko hizlarien erronka. Nire gidaritzapean, aditu hauek arituko dira: Josu Reparaz, Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaria; Nora Salbotx, Amaiurko Eskola zuzendari eta maistra, HikHasi talde pedagogikoko kidea eta landa eskoletan aditua eta pedagogo formatzailea; eta Agurne Gaubeka, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria.
Jardunaldiarekin zer lortu nahiko zenukete?
Adituen laguntzarekin, euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren ahulguneak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak identifikatu nahi ditugu.